Udal eta Foru Hauteskundeak -
Itunak
Gorka Urtaran izango da Gasteizko alkatea
Xabier Agirrek azaldu duenez, PSE-EErekin gobernatuko dute Gasteizen, eta ''sozialistekin akordioa lortuta'' aurkeztuko dute Urtaran.
J. Barredo | Radio Vitoria | eitb.eus
EAJk Gorka Urtaranen hautagaitza aurkeztuko du bihar Gasteizko alkatetzarako, lehen bozketan eta gehiengo osoz alkate izan dadin behar dituen babesak lortu ostean. Ramiro Gonzalez jeltzaleak ere bidea garbi du jada Arabako ahaldun nagusi izateko.
Jeltzaleek gaur arratsaldean hartu dute Urtaran aurkezteko erabakia, Gasteizen egin duten bileran. Horren berri ofizialki eman du Xabier Agirre ABBko presidenteak, ondoren.
Bere agerraldian, ABBko buruak esan du PSE-EErekin batera gobernatuko dutela Gasteizen, koalizioa gobernuan, alegia. Hala, ''sozialistekin akordioa lortuta'' aurkeztuko dute bihar Urtaran. Halaber, Agirrek esan du EH Bilduk ''eskuzabaltasun'' handia erakutsi duela , bigarren alderdia izanda Urtaran babestuko dutelako Maroto alkatetzatik kentzeko.
Agirrek azpimarratu duenez, jeltzaleak gai izan dira ''beharrezko babesak lortzeko'', ''Gasteizek behar duen egonkortasuna ahalbidetzeko''.
"Marotok ez du sinesgarritasunik, eta ez du lortu beharrezkoa den konfiantza sortzea. Bere isolamendu politikoa sustatu du, bere jarrerarekin, Udalean izandako jardunarekin eta bere hauteskunde estrategiarekin’’, adierazi du Agirrek.
Horrekin betara, esan du ''elkar ulermena bultzatzeko Marotok agertutako jarrera ezak'' ezegonkortasuna dakarrela, eta ''aldaketaren atea ireki'' duela. ''Alternatiba posiblea da'', gaineratu du.
PSE-EErekin akordioa eta EH Bilduren eskaintza
Gasteizko hiriburuaren kasuan, EH Bilduk iragarri du Gorka Urtaranen hautagaitza babesteko asmoa duela, Javier Maroto (PP) berriz alkate izan dadin oztopatzeko. Koalizio abertzaleak, halaber, aurreratu du ez duela asmorik Batzar Orokorretan hautagaitzarik aurkezteko.
Adierazpen horrekin, Ramiro Gonzalez jeltzaleari bidea erraztu zaio ahaldun nagusi izendatua izan dadin, EAJk eta PSE-EEk EAEko foru eta udal instituzioetan gehiengo egonkorrak eratzeko lortuko akordioaren ostean.
Joan den maiatzaren 24ko hauteskundeetan Javier Marotok (PP) lortu zuen garaipena, 9 eserleku lortuta. Atzetik, geratu ziren EH Bildu (6), EAJ (5), PSE-EE (4), Hemen Gaude (2) eta Irabazi (1).
Erreakzioak
Jeltzaleen erabakia jakin ostean, Javier Maroto jarduneko alkateak gaitzetsi egin du ''EAJk Bildu kide gisa onartu izana'' Gasteizko alkatetza lortzeko. Facebook-en kaleratu duen mezuan, eskerrak eman dizkie babesa eskaini dioten guztiei, eta adierazi du bere ''usteak eta Gasteiz hiria'' defendatzen jarraituko duela, ''guztiaren gainetik''.
Alfonso Alonso PPko Arabako buruak salatu egin du Urtaran ''Bilduren hautagaia'' bihurtu izana Gasteizen. Halaber, kritikatu egin du jeltzaleak eta sozialistak EH Bilduren ''estrategiara tolestea''.
Miren Larrion EH Bilduko Gasteizko bozeramaileak adierazi duenez, ''aro politiko berri bat irekitzen da'' Arabako hiriburuan. Larrionen hitzetan Gasteiz bera da irabazlea, ''ez ni ezta Gorka Urtaran ere''. ''Gure eskuetan zegoena egingo genuela esan genuen eta bete dugu'', adierazi du Larrionek. ''Gure erantzukizuna hona heltzea zen'', adierazi du.
Gasteizko EH Bilduk ere azpimarratu du Maroto alkatetzatik kentzea lortu dutela. ''Zorionak zuei guztiei. Beste motatako Gasteiz bat aldarrikatzen duzuten zuek. Zuek egin duzue posible. Zuentzako gure besarkadarik handien'', idatzi dute Twitterren.
PSE-EEk, bestalde, arratsaldean gogoratu du gaur bertan akordio bat sinatu dutela EAJrekin, eta horrek ''behartu'' egiten dituela babestera jeltzaleek Gasteizko alkatetzarako aurkeztuko duten hautagaia.
Hemen Gaude eta Irabazi, bestalde, Urtaranekin bilduko dira larunbat honetan bertan, bozketaren aurretik. Litekeena da Hemen Gaude plataformak EAJren hautagaitza ez babestea, jeltzaleak alkate izateko babes nahikoa izango balu. Irabazi koalizioak ( Ezker Anitza eta Equo), bestalde, bihar erabakiko du Urtaranen hautagaitza babestu edo ez.
Gora Gasteiz plataformak, bestalde, eskertu egin du alderdien ''erantzukizuna''.
___________________________________________________
Eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du larunbat honetan Gasteizko alkate berria izendatzeko inbestidura saioa. 14:00etatik aurrera izango da.