Udal eta Foru Hauteskundeak -

Itunak

Alonso: 'Gorka Urtaran Bilduren hautagai bihurtu da'

EAJk eta PSE-EEk “handinahiagatik” EH Bilduren “estrategiarekin bat” egin dutela kritikatu du Arabako PPren presidenteak. Gainera, Gasteizen PPren aurkako “fronte” bat osatu dutela salatu du.

Alfonso Alonso Arabako PPren presidentea eta Osasun ministroa. Artxiboko irudia: EFE
Alfonso Alonso Arabako PPren presidentea eta Osasun ministroa. Artxiboko irudia: EFE
Alfonso Alonso Arabako PPren presidentea eta Osasun ministroa. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gorka Urtaran (EAJ) “Bilduren hautagaia” dela salatu du Alfonso Alonso Arabako PPren presidenteak eta Osasun ministroak. Javier Maroto PPko hautagaiari Gasteizko Alkatetza kentzeko erabakia hartu dute jeltzaleek arratsaldean.

Gainera, jeltzaleek eta sozialistek “handinahiagatik” EH Bilduren “estrategiarekin bat” egin dutela kritikatu du Alonsok.

Alonsok premiazko agerraldia egin du 19:30ean, Alderdi Popularreko egoitzan, Gasteizen. Nahiz eta hirugarren indarra izan, Gorka Urtaranen hautagaitza aurkeztea erabaki du EAJk arratsaldean, Maroto hauteskundeetako garailea udal gobernutik kanporatzeko.

Gasteizen Alderdi Popularraren kontrako “fronte” bat osatu dutela salatu du Alonsok, PP “erakundeetatik kaleratzeko”.

Zentzu horretan, EH Bilduk “PP akabatu nahi” izateak harritzen ez duela adierazi du Alonsok, denbora asko eman baitu “fisikoki” bukatzeko lanean, ETAren terrorismoari erreferentzia eginez.

Alonsoren hitzetan, Urtaran eta EAJ larunbatean “Gasteizko Udalerako Bilduren hautagaiak” bihurtzea “berria da”. “Era berean, EAJk eta PSE-EEk handinahiagatik Bilduren estrategiarekin bat egitea berria da”, gaineratu du.

EAJren erabakia deitoratu du Marotok

Bestalde, Alkatetza bereganatzeko EAJk “Bildu bazkide bezala onartzea” deitoratu du Javier Maroto Gasteizko jarduneko alkateak.

Marotok Facebook sare sozialean mezu bat igorri du: “Baieztatu berri dute. EAJren zuzendaritzak Bildu bazkide gisa onartzea erabaki du Gasteizko Alkatetza lortzeko”.

“Babesa eman didazunei eta egiten jarraitzen duzuenoi” eskerrak eman dizkie Marotok. Bere “uste sendoak errespetatzen eta guztiaren gainetik Gasteiz defendatzen” jarraituko duela ziurtatu du jarduneko alkateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak EAJ-PNV Udal eta Foru hauteskundeak 2015 EH Bildu Araba PSE-EE albisteak Euskadiko PP berriak Gasteiz berriak Alfonso Alonso albisteak Udal eta foru hauteskundeak 2023