Udal eta Foru Hauteskundeak -
Ituna
Sanz ez da Errioxako presidengai izango, PPk C´s-ren babesa izan dezan
Pedro Sanz popularra izan da Errioxako presidente gehiengo osoz 1995etik.
agentziak | erredakzioa
Pedro Sanz Errioxako Gobernuko jarduneko presidenteak iragarri du ez dela berriro hautagai izango; izan ere, Ciudadanosen babesa behar dute horretarako, eta alderdi horrek esan du haiek lortu dutela Sanzek hautagaitzari uko egitea.
Sanzek berak eman du erabakiaren berri prentsaurreko batean, eta PPk Ciudadanosi Jose Ignacio Cenicerosen hautagaitza proposatuko diela jakinarazi du.
Errioxako jarduneko presidenteak azaldu duenez, PPk eta Ciudadanosek ziurrenik bihar sinatuko duten itunak ez zuen bere errefusa jartzen baldintza gisa, baina esan du ez duela bere burua hautagai egoki gisa ikusten.
Horren aurrean, aldiz, Errioxako Ciudadanosek hau esan du Twitter bidez: "Pedro Sanz Errioxako Gobernuko presidente ez izatea lortu du Ciudadanosek".
Sanz Errioxako presidente izan da 1995etik gehiengo osoz, eta Errioxako PPren buru izaten jarraituko du. Gainera, senatari izateko hautagai gisa proposatuko dute.