Udal eta foru hauteskundeak -
M26KO UDAL HAUTESKUNDEAK
Konstituzionalak ontzat eman ditu Bilbon antzeko izena duten bi hautagaitzak
Auzitegi Konstituzionalak ez du onartu Ganemos Goazen Bilbao taldeak jarritako salaketa, eta ontzat eman ditu maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara antzeko izenarekin aurkeztu diren bi hautagaitzak.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak ontzat eman ditu Bilbon 2019ko maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara antzeko izenarekin aurkeztu diren bi hautagaitzak. Ondorioz, ez du tramitera onartu Ganemos Goazen Bilbaok egindako eskaera. Alderdi horrek salaketa jarri zuen Hauteskunde Batzordean, bi taldek oso antzeko izena izateak hautesleak "nahasi" egin ditzakeela iritzita, baina erakunde horrek ez zion arrazoia eman. Horren aurrean, bide judizial guztiak agortuko zituela iragarri zuen alderdiak.
Konstituzionalaren erabakia “bertan behera uztea” eskatu dio Ganemos Goazen Bilbao alderdiak Fiskaltzari, eta Ganemos izena erabiltzen duen “talde berria baliogabetzea”, hautesleen artean “nahasmena” eragin dezakeelako antzeko izena erabiltzeak.
Aurreko astean, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4. Epaitegiak atzera bota zuen Ganemos Goazen Bilbao hautagaitzaren eskaera, eta 2019ko maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara bi alderdiak aurkeztea onartu zuen.
Ganemos Goazen Bilbao taldeak bi zinegotzi lortu zituen 2016ko hauteskundeetan, eta Hauteskunde Batzordeak antzeko izena erabiltzen duen hautagaitza ontzat eman ostean jarri zuen salaketa.
Ganemos Goazen Bilbaoren iritziz, “etekin ekonomikoa lortzeko” sortu dute talde berria.