Udal eta foru hauteskundeak -

Kanpaina

Indarkeria matxista eta euskara ere izan dituzte hizpide Nafarroan

Javier Esparzak uste du euskara ez litzatekeela baldintza izan behar lanpostu publiko bat eskuratzeko. Indarkeria sexistaren aurkako borrokan Iruñea erreferente dela azpimarratu du Joseba Asironek.

Joseba Asiron (EH Bildu).
Joseba Asiron (EH Bildu).
Berdintasuna, kultura eta hirigintza izan dituzte izpide Iruñeko alkategaiek

1:22

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Esparza Navarra Suma koalizio eskuindarraren presidentegaiak euskara “despolitizatu” behar dela esan du, eta administrazio publikoan lanpostu bat lortzeko ez litzatekeela derrigorrezkoa izan behar gaineratu du. Ildo horretan, lauko gobernuak euskara “lanerako agiri” bilakatu duela kritikatu du.

Enplegu publikoko lanpostu bat lortzeko, “aukera berdintasuna” bermatu behar dela esan du, eta legegintzaldi honetan Foru Gobernuak “euskara jakiteko beharrizana gehiegikeriaz” erabili duela salatu du.

Itziar Gomez Geroa Bairen Iruñeko alkategaiak kultur arloko proposamenak izan ditu hizpide, eta Iruñea “kulturaren Europako hiriburu” bilakatu nahi duela adierazi du. Horretarako, besteak beste, ekitaldi berezi bat antolatuko duela esan du, ‘Iruñeko 1972ko Topaketen’ 50. urteurrena ospatzeko.

1972ko ekainaren 26tik uztailaren 3ra, Luis de Pablo konpositore bilbotarrak eta Jose Luis Alexanco artista madrildarrak zuzendutako ekimena izan du gogoan Gomezek.

Joseba Asiron EH Bilduren Iruñeko alkategaiak, berriz, Nafarroako hiriburua berdintasun politiken eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren “erreferente” bilakatu dela azpimarratu du, eta, aurrerantzean ere hala izan dadin, koalizio soberanistak alkatetzari eustea ezinbestekoa dela erantsi du.

“Legegintzaldi honetan, Iruñea eraso sexisten aurkako borrokaren erreferente bilakatu da, eta emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko oinarriak ezarri ditugu. Denek dakite hori, batzuk zalantzan jartzen saiatu arren”, azaldu du.

Mikel Buil Podemoseko presidentegaia Elizak egindako sexu-abusuez aritu da. Talde politiko eta eragile sozialei “inpunitatea” salatzen jarraitzeko eskatu die, eta Parlamentuan Egiaren Batzordea eratzea eta biktimei laguntzeko neurriak hartzea proposatu du.

Halaber, biktimek emandako urratsa azpimarratu du, “urte luzeen ondotik, gertatutakoa publiko egin dutelako, fokua inpunitatearen gainean jarrita”.

Maria Chivite PSNko presidentegaiak aldaketaren gobernua kritikatzeko baliatu du Antsoainen egin duen ekitaldia. “Kale itxi batean sartu da lauko gobernua, eta, beraz, ez dugu gehiengo nahikorik izango agintean jarraitzeko”, ziurtatu du.

“Uxue Barkosek ez du asmatu politika abertzaleak ezarrita, Nafarroan gehiengoa progresista baita, ez abertzalea”, adierazi du.

Izquierda-Ezkerra koalizioak berdintasun politikak izan ditu hizpide. Horrela, Iruñeko Udalean nahiz Nafarroako Gobernuan exekutibo parekideak eratzea aldarrikatu du, “berdintasun politikak departamentu guztietan kontutan hartuko direla bermatzeko”.

Maria de Simon Nafarroako Gobernurako presidentegaiak egin ditu adierazpen horiek Iruñeko udaletxe aurrean egindako ekitaldian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai Nafarroa Udal eta Foru hauteskundeak 2015 EH Bildu Izquierda-Ezkerra Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Nafarroa Hauteskundeak Navarra Suma