X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
Meskitak bizitoki-guneetatik urrun irekitzea proposatu du Bilboko PPk
Hala adierazi du Cristina Ruiz Bilboko alkategaiak Basurtun, Antonio Basagoiti alboan zuela, egindako ekitaldi politiko batean.
Erredakzioa
Cristina Ruiz (PP) Bilboko alkategaiak uste du musulmanen komunitateak Bilbo Zaharrean eta Basurtun ireki nahi dituen meskitak bizitoki-guneetatik urrun eraiki behar direla.
Gai honek polemika piztu du aipatu auzoetako bizilagunen artean eta afera hori hizpide hartuta, Ruizek esan du meskita berriak ekipamendu publikoentzako zonaldeetan ireki behar direla. "EAJk gai hau isiltzea nahi du, baina arazoa hor dago, eta arazo hori ez da hirigintzakoa edo teknikoa soilik, elkarbizitzari eta segurtasunari ere eragiten baitio", azaldu du.
"Gu bat gatoz auzokideekin, eta meskitak kale estuetako eta bizilagun asko dituen auzoetako lonjetan eraiki ezin daitezkeela pentsatzen dugu", azpimarratu du. Horrez gain, EAJren eta PSEren jarrera ere kritikatu du. "Hauteskundeak gainean ditugunez, auzi hau ezkutuan mantendu nahi dute; guk, berriz, arazoari aurre egin nahi diogu", erantsi du.
Bestalde, Esther Martinez (PP) Bizkaiko ahaldun nagusigaiak esan du bere hauteskunde-programa herritarren eta familien arazoak konpontzera zuzenduta dagoela, eta EAJk azken 30 urteotan egindako kudeatzea salatu du. "Ez dute ideiarik, ez dute beharrezko den indarra Bilbo aldatzeko eta hobeto joan dadin; izan ere, urteak daramatzate inertziaz eta etsipenaz lanean", esan du EAJri aipu eginez.