X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

Nafarroako PPk gaueko langileak babestu ditu, 'beharrezkoak' direlako

Santiago Cervera presidentegaia hainbat fabrikatan izan da gaueko txandan eta "lan-segurtasuna indartzea" eskatu du. Gainerako alderdiek ere izan dituzte ekitaldiak gaurkoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako alderdi politikoek, Lorcako lurrikararen ondorioz kanpaina bertan behera utzi ondoren, indarberrituta ekin diote berriro kanpainari.

Zizur Nagusiko Catalina de Foix eskolaren parean UPNk egindako ekitaldi batean, Yolanda Barcina presidentegaiak ikasketa eredu bihurtu nahi ditu ingelesezko ikasketak, egungo ereduen pare jarri nahi du.

Barcinak azpimarratu duenez, Hezkuntzan inbertitzen denarekin "gazte lehiakorrak, prestatuak, ideia handiak dituztenak eta munduan zehar mugitzeko aukera gehiago izango dutenak" lortzen dira, eta horretarako, "ingelesez hitz egin behar dute".

Bestalde, Patxi Zabaleta Nafarroa Bai 2011ren Gobernuko presidentegaiak errefusatu egin du "Nafarroako eskuindarrek" Unibertsitate Publikoa "murriztu" eta irakaskuntza zentro huts batean bihurtu nahi izana.

Zabaletak 0-3 ikasketa aldiaren izaera edukatiboa babestu du eta lehen eta bigarren mailako hezkuntzaren, lanbide eskolaren eta unibertsitatearen garrantzia azpimarratu du.

Roberto Jimenez PSNren presidentegaiak, ohikoa den legez, mitin azkar bat egin du eguna hasteko eta osasun "publikoa, kalitatezkoa eta doakoa" aldarrikatu du "ordainketa partekatuaren eta kudeaketaren pribatizazioaren" aurrean, horiek baitira, Jimenezen esanetan, "eskuindarrek" martxan jarriko dituzten neurriak Gobernura iristen badira.

Jimenezek, berriz, "aberastasuna hobeto banatzeko zerga politika berria ezartzea" proposatu du "ikuspuntu ezkertiar eta nafarretik" osasun publiko ona bermatzeko.

Izquierda-Ezkerrak Labrit Frontoian egingo du kanpainako ekitaldi nagusia eta bertan izango dira Cayo Lara IUren idazkari nagusia eta Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerraren Gobernurako presidentegaia.

CDNri dagokionez, Jose Andres Burguete Nafarroako Parlamenturako zerrendaburua Zizur Nagusian izan da eta UPNri eta PSNri abiadura handiko trenaren inguruan dauden "zalantzak" argitzeko eskatu die.

Gaurkoan, goiztiarrena Santiago Cervera Nafarroako PPren presidentegaia izan da, izan ere, gaueko txandan lanean ari ziren beharginak bisitatu ditu hainbat enpresatan, Mercairuñatik hasita. Farmazialariekin, taxilariekin eta beste hainbat langilerekin ere izan da hautagai popularra.

Cerverak gaueko txandako langileen meritua azpimarratu du, "ohiturak aldatu behar dituzten pertsona anonimo" horiek "beharrezkoak" direlako gizartean. Lanpostu horietan "segurtasuna indartzea" aldarrikatu du.

Maiorga Ramirez Bilduren Nafarroako Gobernuko presidentegaiak Nafarroako Kutxaren egoitza nagusian egin du ekitaldia eta "Justizia soziala bermatzeko" koalizioak "ekonomia alorrean ere aldaketa politiko argia" egin nahi duela jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea