X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

EAJk 'adostutakoa betetzea' eskatu dio Zapaterori

Iñigo Urkulluk adierazi du "bakea, bizikidetza eta normalizazioa lortzeko aukera" aprobetxatu beharra dagoela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu EAJko presidenteak adierazi du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearekin konfiantza berreskuratzeko lehenik eta behin "bete" egin beharko duela "adostutakoa".

"Bakea, bizikidetza eta normalizazioa lortzeko aukera aprobetxatu beher dugu", nabarmendu du.

Urkulluk astelehen arratsaldean egin ditu adierazpenak, Bilbon, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusigaiarekin eta Iñaki Azkuna alkategaiarekin batera egindako ekitaldi batean.

Buruzagi jeltzaleak gogorarazi du joan den astean EAJk beste dei bat jaso zuela: "Oraingo honetan, garai honetan askotan gertatu denez, Elena Salgado Ekonomia ministroa izan da. Berriz ere kezka agertu nahi izan du Greziako krisiaren ondorioen harira".

Halaber, Urkulluk salatu du azken urtean PPk helburu bakar bat, "obsesio bakar bat", izan duela: "hauteskundeak aurreratzea lortzea, zentsura-mozio batek ekarriko lukeen higadura barik eta programa zehatzik aurkeztu gabe". Hori horrela, ezkor agertu da, ''popularren'' hurrengo hilabeteetako jarrera "berdina" izango dela uste baitu.

Euskadiri dagokionez, presidente jeltzaleak salatu du sozialistek eta Patxi Lopez lehendakariak "murrizketa sozialen aldeko PPren aurka" egiteko dei egiten dutela, Eusko Jaurlaritzan gobernatzeko haren babesa jasotzen duten bitartean.

"Euskadiko PPri bost axola zaio. PSErekin duen itunak ez du zerikusirik proiektuekin, ideiekin edo programekin, baina itun hori ez da doanekoa. Atzo gogorarazi zion Basagoitik berak Lopezi. Gobernatzeko bada baino ez duela itunik egingo esan zion", gaineratu du. "Boterea, hori da sozialisten eta popularren helburu bakarra. Proiekturik ez, ideologiarik ez, programarik ez".

Urkulluk goratu egin ditu Iñaki Azkuna alkategaia eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusigaia: "une honetako bikotea da".

"Etorkizuneko proiektua aurkeztu dute, lantalde eraginkorrak sortzen asmatu dute, kudeaketa ahalmena izan dute. Bilboren eta Bizkaiaren modernizazioan eta garapenean lagundu dute", azpimarratu du.

"Baina, batik bat, doiketak egiten asmatu dute. Ez dira zorpetu, baina Jaurlaritzak bai, ordea. Jaurlaritzak ez bezala, doiketak egin dituzte proiektuetan, uneko errealitateari moldatuta", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea