X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde kanpaina
Gonzalez Pons: 'Zapaterorekin sei milioi langabe izango ditugu'
Bestalde, Antonio Basagoitik "barkamena" eskatzeko eskatu dio EAJri, Zapateroren politikak babestu izanak euskal ekonomian egindako kaltea dela eta.
Erredakzioa
Esteban Gonzalez Pons Espainiako PPko Komunikazio idazkari nagusiordeak ohartarazi du igandean PSOEren alde bozkatuz gero, Zapaterok "apirila arte" jarraituko duela, langabeziak hazten jarraituko duela, "eta sei milioi langabe izango ditugu".
Horrenbestez, zergak jaisteko, pentsioak ez izozteko, langileen aurkako beste lan erreforma bat ez egiteko eta Gobernuak gehiago gezurrik ez esateko zer egingo duten galdetu die boto-emaileei.
Pons Getxon (Bizkaia) izan da ostegun arratsaldean, Marisa Arrue alkategaiarekin, Esther Martinez ahaldun nagusigaiarekin eta Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentearekin batera.
"PSOEren alde bozkatzen dutenek dena berdin jarraitzearen alde bozkatzen dute. Aldaketaren alde bozkatzen dutenek, gutxienez, itxaropenaren alde bozkatzen dute", nabarmendu du Ponsek. "Espainian aldaketa nahi dutenek PPren alde baino ezin dute bozkatu", gaineratu du.
Bere aldetik, Antonio Basagoitik "barkamena" eskatzeko eskatu dio EAJri, Zapateroren politikak babestu izanak euskal ekonomian egindako kaltea dela eta.
Basagoitiren ustez, Euskadiko "aldaketa" hausteko eta Eusko Jaurlaritzara itzultzeko eman zioten babesa jeltzaleek Zapaterori.
Hitzaldian, Euskadiko PPko presidenteak nabarmendu du hauteskunde hauek "oso garrantzitsuak" direla askatasunarentzat eta bizikidetzarentzat.