Udal eta foru hauteskundeak -

UDAL HAUTESKUNDEAK

Iruñean "udal anitz, ireki eta integratzailea" berrezarri nahi du Asironek

Nafarroako hiribururako alkatatzerako EH Bilduren hautagaiak "proiektu ilusionagarri" bat eskaini nahi die herritarrei, eta helburua "irabaztea" dela aitortu arren, "herritarrak konbentzitzea" da bere lehentasuna.

Joseba Asiron, gaur, Iruñean. Argazkia: EH Bildu
Joseba Asiron, gaur, Iruñean
Joseba Asiron, gaur, Iruñean. Argazkia: EH Bildu

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskuineko indarrek azken legealdian eraikitako "hiri gris eta aspergarria" atzean utzi, eta "udal anitz, ireki eta integratzailea" berrezarri. Hori da, besteak beste, Joseba Asiron EH Bilduren Iruñerako zerrendaburuak duen erronka nagusietako bat, ate-joka diren udal hauteskundeei begira.

Bere programa aurkezteko, ekitaldia egin du Asironek Iruñean. "Proiektu ilusionagarria dugu eskuartean, eta orain, gorpuztu egin behar dugu. Konpromiso kontratu bat da. Geuk dugu aldaketarako giltza", esan du.

EH Bilduren hautagaiaren hitzetan, "anbizioa eta indarra" eskaintzera dator "berriro" koalizio abertzalea, "lehen indarra izango garela sinetsita". Halere, helburua irabaztea dela aitortu arren, "herritarrak konbentzitzea" dela euren asmoa nabarmendu du. "Irabazi nahi duguna etorkizuna da", zehaztu du.

Hauteskunde programaren bost ardatz nagusiak xehetu ditu Asironek, dozenaka herritarren aurrean: Elkarbizitza eta memoria, klima aldaketa eta trantsizio ekologikoa, berdintasuna, justizia soziala eta kultura eta euskara.

"Proiektua dugu eta programa hau da horren isla, baina, beste alderdi batzuek ez bezala, ez dugu botoak lortzeko bitarteko gisa ulertzen, benetako kontratu gisa ulertzen dugu: dokumentu bizia izango da, ibilbide-orria, agindutakoa betetzen dugula egiaztatzen duen agiria", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Udal eta Foru hauteskundeak 2015 EH Bildu Joseba Asiron Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Iruñeko Udala