Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpainaurrea
Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen proiektua "geldiaraztea" egotzi dio PSE-EEk Barakaldoko alkateari
Juan Andrades udal bozeramaile eta Santurtziko alkategaiak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Garraio Saila "dena ematen" ari da proiektua bultzatzeko.
Agentziak | EITB Media
Juan Andrades udal bozeramaile eta Santurtziko alkategaiak Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen proiektua "geldiaraztea" leporatu dio Barakaldoko alkate Amaia del Campori. Gaineratu duenez, Eusko Jaurlaritzako Garraio Saila da "dena ematen" ari dena, Iñaki Arriola sozialistaren zuzenpean.
Santurtziko trenbide pasagunean egin ditu Andradesek Hegoaldeko Trebide Saihesbideari buruzko adierazpenok. Bertan adierazi duenez, udal hauteskundeak gerturatzen diren bakoitzean, Santurtziko EAJ "berriro itzultzen da trenbidearen gaira, gainerako denboran egongo ez balitz bezala, desagertuko balitz bezala".
Azaldu duenez, Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak eta Aintzane Urkijo Santurtziko alkateak azken egunotan egindako adierazpenetan, berriro egin dute "sozialista baten zuzendaritzapeko" Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailaren aurka; "ez direlako obrak egiten, eta ez zaiolako azkartasunik ematen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea martxan jartzeko agindu baten bidez adostutako agintaldi horri".