Udal eta foru hauteskundeak -
KANPAINAURREA
Oyarzabalen ustez PP da "boto erabilgarri bakarra" Arabaren interesak defendatzeko
Azpimarratu du "Osasun Saileko kaosak, segurtasun ezak eta oinarrizko zerbitzu gabeziak" agerian uzten dutela Urkulluri "Araba ez zaiola axola".
agentziak | eitb media
Iñaki Oyarzabal PPren Arabako ahaldun nagusigaiak adierazi du PP dela "boto erabilgarri bakarra" Arabaren interesak Eusko Jaurlaritzaren aurrean defendatzeko; izan ere, salatu du Araba "inbertsio eta proiektu nagusietatik kanpo" dagoela Iñigo Urkulluren Eusko Jaurlaritzarentzat.
Oyarzabalek Arabako Batzar Nagusietarako zerrenda aurkeztu du Gasteizen, eta azpimarratu du hautagaiek badakitela zeintzuk diren "euren barrutien beharrak", eta "arabar guztiek bezalaxe, EAJren eta PSOEren kudeaketa kaotikoa sufritzen" ari direla.
Hautagai popularraren arabera, "Arabak egiturazko arazoak ditu, eta konpontzeko bide bakarra erakunde arabarrek Eusko Jaurlaritzaren aurrean planto egitea" da. Era berean, "Osasun Saileko kaosa" salatu du, eta "San Martingo Etengabeko Arreta Gunea eta Santiagoko Larrialdiak itxi" dituztela.
Gainera, "EAJk eta PSOEk gidatutako erakundeen inplikazio ezaren ondorioz segurtasun gabezia eta delinkuentzia" daudela kritikatu du: "Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Udalak gaizkileak lasai ibiltzea ahalbidetu dute".