Krisi Ekonomikoa -
Korralitoa
Abian da Anastasiadis, Barroso eta Van Rompuyren arteko bilera
Halaber, Zipreko presidentea Mario Draghi eta Christine Lagarderekin bilduko da. Ondoren, 18:00etan, euroguneko Finantza ministroak Zipreren erreskatearen baldintzak negoziatzen hasiko dira.
Erredakzioa
Nikos Anastasiadis Zipreko presidentea Europako Batzordearen eta Kontseiluaren presidenteekin bildu da igande honetan Zipreren erreskatearen gainean Eurotaldearekiko balizko akordioa errazteko helburuz.
Iturri diplomatikoek jakinarazi dutenez, Anastasiadis Jose Manuel Durao Barroso eta Herman Van Rompuyrekin batzartu da lehendabizi. Ondoren, Mario Draghi Europako Banku Zentralaren buruzagiarekin eta Christine Lagarde Naziorteko Diru Funtsaren presidentearekin bilduko da Anastasiadis.
Bilera hauen helburua Zipreren erreskate alternatiboari buruzko negoziazioak berriro abiatzea izango da. Izan ere, beranduago, 18:00etan euroguneko Finantza ministroek egingo dute bilera, astelehen baino lehenago akordioa lotzeko asmoz.
Bilera troikarekin
Troikak eta Ziprek ezin izan dute azkenean akordiorik lortu, larunbat honetan orduz batzartuta egon ostean, Nazioarteko Diru Funtsak eskatutako baldintza berriak direla eta. Ondorioz, negoziazioek gaur jarraituko dute, baina oraingoan, Bruselan. "Egoera oso zaila da eta negoziatzeko tarteak, berriz, oso txikiak", aitortu du ohar baten bidez Jristos Stilianidis Zipreko Gobernuko bozeramaileak.
Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatzen duten troikak larunbat osoa eman du Zipreko Gobernuarekin bilduta. Egunaren amaieran akordiorik lotu ez dutela zabaldu da.
Hori dela eta, negoziazioei igande honetan eusten jarraituko dute, oraingoan, Bruselan, Eurotaldea eta Nazioarteko Diru Funtsaren arteko bileran, 17:00etatik aurrera (GMT orduan).
Zipreko Gobernuak jakinarazi duenez, Nikos Anastasiadis presidentea gaur abiatuko da Bruselara, 07:15etan, "Zipreko ekonomiaren erreskaterako akordioaren baldintzak negoziatzen jarraitzeko". Presidentearekin batera, Mijalis Sarris Ekonomia ministroa, Averof Neofitu Gobernuan dagoen alderdiko liderra eta gainerako beste hainbat goi-kargudun izango dira.
Zipreko politikariak Europako agintariekin eta Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtsako zuzendariarekin bilduko dira Bruselan.
Zurrumurruak
Troika eta Zipreren arteko batzarra amaitu aurretik, hainbat zurrumurru zabaldu dira komunikabideetan. Hainbat informazioen arabera, 100.000 eurotik gorako gordailuei % 20ko zerga ezartzea adostu omen zuten, eta % 4ko zerga gainerako aurrezkiei. Hala ere, informazio hori errefusatu dute.
Zipreko Bankuari ezarri nahi dioten zerga altu honek finantza-erakunde hau berrantolatu behar izatea ekiditu nahi du.