Krisi Ekonomikoa -

Ostegun honetan

2007an hasi zen krisi ekonomikoaren zortzigarren greba orokorra

Sindikatu abertzaleek politiken aldaketa bat eskatuko dute. Klase politikoa botere ekonomikoaren esanetara dagoela salatu nahi dute deitzaileek. % 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Jaurlaritzak.

Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatuek euskal langileak 2007an krisia hasi zenetik zortzigarren greba orokorra babestera deitu dituzte ostegun honetan. Horrela, EAJren Eusko Jaurlaritzak aurreneko greba orokorrari egin beharko dio aurre; izan ere, deitzaileek Urkulluren Exekutiboa gogor kritikatu dute orain arte.

Sindikatu abertzaleek politiken aldaketa bat eskatuko dute. Klase politikoa botere ekonomikoaren esanetara dagoela salatu nahi dute deitzaileek. Horrela, Eusko Jaurlaritzak Exekutibo zentralaren murrizketei jarraipena eman diela salatu nahi dute deitzaileek.

ELA eta LAB sindikatu nagusiez gain, beste sindikatu txikiago batzuek edo sektorialek protestari babesa eman diote: ESK, STEE-EILAS (hezkuntza), EHNE (nekazaritza), HIRU (garraioa), CNT eta CGT-LKN. Era berean, 50 bat erakunde sozialek greba orokorra babestu dute.

Mobilizazioak

Sindikatuek mobilizazioak egingo dituzte EAEko hiru hiriburuetan, baina Gasteizko manifestazioari garrantzi handiagoa eman nahi izan diote; izan ere, Eusko Legebiltzarrak osoko bilkura aldi berean egingo du.

Horrela, Adolfo Muñoz (ELA) eta Ainhoa Etxaide (LAB) sindikatuetako idazkari nagusiek Gasteizko protestan parte hartuko dute.

CCOO, UGT eta LSB-USO sindikatuek ez diote grebari babesik eman. Hala ere, sindikatu abertzaleek gizartea berriro mobilizatu nahi dute, duela zortzi hilabete azken lanuztea egin eta gero. ELA eta LAB sindikatuek 2012ko irailaren 26an greba orokorra deitu zuten.

Deitzaileen arabera, 600 enpresa-batzorde baino gehiagok osteguneko grebari babesa eman diote, besteak beste, EITBko, Bilbo, Gasteiz, Irun eta Getxoko udaletako enpresa-batzordeak, eta baita Petronor, Arcelor, Ingeteam, CAF eta Gestamp konpainietakoak ere.

Babes politikoa

Bestalde, Bildu koalizioa abertzaleak deialdia babestu du. Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko gobernuek grebarekin bat egingo dute.

Bilduko zinegotziek ez dute Bilboko Udalaren osoko bilkuran parte hartuko, eta EH Bilduko legebiltzarkideek gauza bera egingo dute Gasteizko Ganberan.

Amaiurreko zazpi diputatuak ez dira Kongresuan izango eta grebarekin bat egingo dute.

Garraio publiko guztietan % 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak, eta EAEko ospitaletan jaiegunetan bezala lan egingo dute.

Trenbide batean sabotajea egin dute, Iruraitz-Gaunan (Araba)

Greba hasi baino ordu batzuk lehenago ezezagun batzuek Renfeko linea baten katenaria moztu dute Iruraitz-Gaunan. Trenbideak Gasteiz eta Altsasu lotzen ditu eta bi noranzkoak itxi behar izan dituzte.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, sabotajea 21:35 aldera egin dute.

Nafarroa

Nafarroan, goizean lau zutabe abiatuko dira Berriozar, Barañain, Txantrea eta Atarrabiatik, eta arratsaldean zortzi manifestazio egingo dituzte gizarte mugimenduek (Iruñean, 18:00etan, Antoniuttitik abiatuko da).

Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak errekurritu dituzte sindikatuek, "oso murriztaileak eta atzeragarriak" direlako. Sindikatuen hitzetan, "greba egiteko eskubidea mugatu nahi dute berriro ere".

Grebako azken deialdietan epaitegiek arrazoia eman dietela gogorarazi dute sindikatuek, "gutxieneko zerbitzuak argudiatu ez zituztelako".

"Greba egunean normaltasuna nagusi izateko kontu handiz jokatzea" eskatu die Nafarroako Gobernuak sindikatuei, iraganeko mobilizazioetan izandako istiluak ez errepikatzeko.

Nafarroako Enpresaburuen Konfederakundea (CEN) greba orokorraren aurka azaldu dira eta lan egiteko eskubidea errespetatzea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia Berriak Politika Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB Grebak albisteak Ekonomia albisteak Lan gatazkak albisteak gaur