Ekonomia -
Polemika
Rosell, kontratu mugagabeen 'pribilegioak' kentzearen alde
Kontratuek malguak izan behar dutela azpimarratu du, enpresen beharrizanetara moldatzeko: "Kontratuek ez dute gure gustukoak izan behar, beharrizanei erantzun behar diete".
Erredakzioa
Juan Rosell CEOEko presidenteak lan-merkatuaren dualtasunarekin amaitu behar dela esan du, eta, horretarako, kontratu mugagabeek dituzten "zenbait pribilegio" kentzea proposatu du. Behin-behineko kontratuei, berriz, pribilegioak gehitzearen aldekoa da.
Onda Cero irratian egindako adierazpenetan, Rosellek onartu egin du bere proposamenak ez duela gauzatzeko aukera askorik, kontratu mugagabeak dituzten langileak kontra jarriko direlako.
Hala ere, "pribilegio horiek kenduz gero, nolabait esateko", kontratu mugagabeen eta behin-behineko kontratua dutenen arteko ezberdintasunak desagertuko lirateke, eta egungo "dualtasuna" ezabatuko luke.
Malgutasuna kontratuetan
Rosellen ustez kontratuek malguak izan behar dutela azpimarratu du, enpresen beharrizanetara moldatzeko: "Kontratuak ez dute gure gustukoak izan behar, beharrizanei erantzun behar diete. Egunen, orduen, hileen edota urteen arabera kontratatu behar badugu, zoragarri. Mundu malgu batean bizi gara", azaldu du Rosellek.
Gazteei dagokienez, "ahal dugun formazio gehiena" eman behar zaie, "formaziorako kontratu malguenaren testuinguruan". "Guztioi gustatuko litzaiguke bizitza osorako kontratu mugagabeak egitea, arazorik gabe, baina errealitatea bestelakoa da", gaineratu du.