Ekonomia -

EBren goi-bilera

Zigorren sistema aldatzea defendatu dute Merkelek eta Sarkozyk

Egungo sistema "nahikoa" ez dela uste du Berlinek. Bitartean, sistema "moldatu" egin beharra dago, Parisen aburuz. Grezia bezalako kasuak ekiditea da helburua.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Defizitaren mugak gainditzen dituzten herrientzako zigor sistema aldatzea defendatu dute Angela Merkel Alemaniako kantzelariak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, Greziak bizi duen krisia bezalako egoerak saihesteko.

Egungo sistema "nahikoa" ez dela uste du Berlinek. Bitartean, sistema "moldatu" egin beharra dago, Parisen aburuz. Kontseilu Europarrak eskatuta, gehiegizko defizita ekiditeko tresnak indartzeko har daitezkeen neurri berriak aztertuko ditu aditu talde batek urtea amaitu bitartean.

"Egonkortasun Ituneko zigor mekanismoak nahikoa ez direla egiaztatu dela esan nuen", azaldu du Merkelek prentsaurrekoan, Europako buruzagien bilera amaitu ostean, Bruselan. Greziaren zorra areagotzen bada, Estatu hori erreskatatzeko egitasmoa adostu dute Europako agintariek bileran.

Arauak errespetatzen ez dituzten Estatuentzako zigor "egokienak" aztertuko dituzte aurreritzirik gabe, Sarkozyren ahotan. Gai honi buruz gogoeta egin behar dutela azaldu du Frantziako agintariak. Era berean, "aukerarik ez " dutela "baztertzen" adierazi du buruzagiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea