Ekonomia -

Defizitaren aurkako plana

Diaz Ferran: "Estatua ez dago grebetarako"

Ekainaren 2rako deitu duten funtzionarioen grebari horrela erantzun dio CEOEko presidenteak, eta baita sindikatuek egindako greba orokorraren mehatxuari ere.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email
"Estatua ez dago orain grebetarako"

Ekainaren 2rako deitu duten funtzionarioen grebari horrela erantzun dio Diaz Ferranek, eta baita UGT eta CCOO sindikatuek egindako greba orokorraren mehatxuari ere.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentearekin Moncloa Jauregian bildu ostean egin ditu adierazpenak CEOEko buruzagiak. Gastu publikoa murrizteko neurri multzoa aztertu dute eta Diaz Ferranek "orokorrean positibotzat" jo du.

Era berean, Jesus Barcenas Espainiako Enpresa Txiki eta Ertainen Konfederazioko (Cepyme) presidenteak bileran parte hartu du.

Garapenerako laguntza ofiziala murriztea eta mugatzea proposatu diote enpresariek Zapaterori, izan ere, etorkinek euren herrialdeetara bidaltzen duten diruarekin "nahikoa izan daiteke", Diaz Ferranek azaldu duenez.

Lan-erreforma

Lan-erreforma aurrera eramatea premiazkoa dela errepikatu dio Zapaterori enpresarien ordezkariak. Hilabete honetan akordio batera heldu ezean, Gobernuak erreforma egin beharko luke "noski", Dekretu baten bidez edo Parlamentuan, Diaz Ferranen hitzetan.

Gastua murrizteko beste proposamen batzuk egin dizkio patronaleko presidenteak Zapaterori, zerbitzu publikoei eta telebista autonomikoei emandako diru-laguntzak ezabatzea esaterako. Azken horiek "pribatizazioaren bidea jarraitu" behar dutela azpimarratu du.

Erkidegoetako eta udaletako gobernuei "esfortzu handiagoa" eskatu die Diaz Ferranek, gastuak murriztu ditzaten. Azken urteetan sortutako enpresa publikoak murriztea eskatu die, izan ere, 1.000 bat dira eta "erabilgarritasun eskasa" dute, CEOEko buruzagiaren ahotan.

Zerbitzu publikoak

Kostuak aurrezteko zerbitzu publiko batzuk enpresa pribatuen esku uztearen alde agertu da patronaleko agintaria. Era berean, "zergak igotzea ez" dela planteatu behar ohartarazi du Diaz Ferranek.

Hala ere, neurri guzti hauek beste batzuen laguntza izan behar dute, lan-erreforma, pentsioen eta osasun sistemaren erreformak esaterako, enpresarien ordezkariaren esanetan.

"Akordio batera heldu ala ez" lan-merkatuko erreforma hilabete honetan zehaztu beharko dela adierazi du Diaz Ferranek, "negoziatzen denbora nahikoa daramagulako". Izan ere, Exekutiboak iragan otsailean aurkeztu zuen erreforma eta dagoeneko "bakoitza non gauden badakigu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea