Ekonomia -
KORONABIRUSA
Agourrek eta Latxa Esneak akordioa itxi dute, COVID-19aren krisiari aurre egiteko
Heletako gaztandegiaren eta Hegoaldeko ardi latxen artzainek osatutako kooperatibak adostutakoari esker, osasun krisiaren ondorioei aurre egin ahal izango diete ardi esnearen ekoizleek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroa Behereko Agour gaztandegiak eta Hego Euskal Herriko ardi latxen artzainek osatutako Latxa Esnea kooperatibak akordioa izenpetu dute, asteon, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egitea ahalbidetuko diena ardi esnearen ekoizleei.
Besteak beste, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako artzainek 250.000 ardi esne litro bideratuko dituzte Heletako gaztandegira.
Modu horretan, eta akordioaren berri emateko bi aldeek zabaldutako agirian zehazten denez, esnearen egungo prezioari eutsi ahal izango diote 2021ean ekoizleek, eta horrek, koronabirusak eragindako krisiari aurre egiten lagunduko die.
Pandemiaren ondorioz, ardi esnearen komertzializaziorako hainbat bide itxi direla esan du Latxa Esnea kooperatibak, artzainen lana are gehiago zailduz.
Idatzian zehaztu dutenez, jada oso agerikoak dira COVID-19ak sektore honetan eragin dituen kalteak. Idiazabal markako produktoreek, esaterako, euren ekoizpena, 2019ko datuekin alderatuta, % 20 inguru jaitsiko dela iragarri diete hornitzaileei.
Eusko Jaurlaritzak eta Hazi Fundazioak babestu dute akordioa.