Ekonomia -

Koronabirusa

Espainiako Gobernuak beherapenak baimendu ditu, betiere jende pilaketak saihestuz

Merkataritza-lokal guztiek aurretiko hitzordurik gabe ireki ahalko dute, eta establezimendu handiek ere bai, 1 fasean, beren espazioa 400 metrora mugatzen badute.

Pertsiana jaitsita duen denda bat Donostian. Argazkia: EFE
Pertsiana jaitsita duen denda bat Donostian. Argazkia: EFE
Pertsiana jaitsita duen denda bat Donostian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetatik aurrera beherapenak baimendu ditu Espainiako Gobernuak, deseskalatze prozesuan oraindik 0 fasean jarraitzen duten lekuetan ere, betiere jende pilaketarik sortzen ez bada.

Ildo horretatik, koronabirusari aurre egiteko asmoz ezarritako segurtasun-neurriak bermatu ahal izateko, jende asko pilatzen bada merkealdia bertan behera utzi beharko dela ohartarazi du Osasun Ministerioak.

Arau horren arabera, merkatariek eurek hartu behar dituzte indarrean dauden osasun arloko neurriak betetzea eragozten duten jende pilaketak saihesteko neurriak.

Testuak jasotzen duenez, "merkataritza-establezimenduek egiten dituzten merkealdi edo promozioekin batera, osasun arloko arduradunek ezarritako neurriak betetzen direla ziurtatzeko neurriak hartu beharko dira".

Horrela, "segurtasun-distantziak izatea eta edukiera-mugak betetzea eragozten duten aglomerazioak saihestu behar dira, baita agindu honetan ezarritako gainerako neurriak arriskuan jartzen dituzten jokabideak ere". Hori gertatzen bada, merkatariek "neurri egokiak hartu beharko dituzte egoera horiek saihesteko, eta, beharrezkoa izanez gero, aipatu merkealdi edo promozioak berehala utzi beharko dituzte bertan behera".

Oraindik 0 fasean dauden erkidegoen kasuan (Madril, Katalunia eta Gaztela eta Leongo eskualde batzuk), astelehenetik aurrera tokiko dendak irekitzeko baimena ematen da, aurretik hitzordurik jarri gabe, 400 metro koadro baino gutxiagoko establezimenduetan.

Halaber, 400 metro koadrotik gorako establezimenduek ateak ireki ahalko dituzte, baina soilik 1 fasera igaro diren tokietan, baldin eta jendearentzat irekitako espazioa 400 metroko gune horretara egokitzen badute eta hainbat baldintza betetzen badituzte: edukieraren % 30 irekitzea, bezeroen artean gutxienez 2 metroko distantzia bermatzea eta 65 urtetik gorakoentzat lehentasunezko arreta-ordutegia ezartzea, besteak beste.

Horrez gain, merkataritza-guneetan dauden establezimenduek ere ateak ireki ahalko dituzte, baldin eta bide publikotik sarbide zuzena eta independentea badute. Loteria-administrazioak ere ireki ditzakete, merkataritza-guneetan daudenak eta sarbide independenterik ez dutenak izan ezik.

Azkenik, eta udalek hala erabakiz gero, beren jarduera aire zabalean garatzen duten merkatuak (azoka txikiak) berriz ireki ahalko dira, elikagaiei eta premia biziko produktuei lehentasuna emanez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Enpresaburuak Merkataritza Koronabirusa Deseskalatzea Merkealdiei buruzko albisteak