Ekonomia -
EGOKITZAPEN ETA KALERATZEAK
Arabako aeronautikaren sektoreak lanpostuak defendatzeko eskatu die erakundeei
Aernnova, Alestis, Fibertecnic, Burulan, Gmpasa, Metraltex eta Servicios para la industria Feliu-Madinabeitia enpresetako ordezkariek Jaurlaritzaren eta Arabako Aldundiaren inplikazioa eskatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Araban aeronautikaren sektorean diharduten enpresetako langile batzordeek manifestazioa deitu dute gaur eguerdirako Gasteizen, sektore horretan iragarritako berregituraketa eta kaleratzeak salatzeko eta lanpostuak zein enpresa horien etorkizuna defendatzeko. Horretarako, instituzioen inplikazioa eskatu dute. Mila lagunetik gora elkartu dira "Arabako aeronautika borrokan. Enplegu eta etorkizunaren defentsan. Aministraciones implicación!" zioen pankartaren atzean.
Aernnova, Alestis, Fibertecnic, Burulan, Gmpasa, Metraltex eta Servicios para la industria Feliu-Madinabeitia enpresetako ELA, LAB, CGT eta UGTko ordezkariek elkarrekin deitu dute gaurko protesta. Aurrez, asteartean greba eguna izan zuten ITP Aero eta Aernnovan iragarritako enplegu-erregulazioko espedienteak erretiratzeko eskatzeko.
Administrazioen inplikazioa eskatu dute manifestariek, eta kaleratzeen kontra agertu dira.
Manifestazioaren amaieran, Cesar Gomez Alestiseko langileen batzordeko buruak oharra irakurri du: "Zer gertatu behar da instituzioak sektore estrategiko honen biziraupenean inplika daitezen?", galdetu du.
Izan ere, sektoreak 6.000 lanpostu zuzen eta zeharkako 25.000 lanpostu sortzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan. Haren garrantzia ikusita, inplikazioa eskatu diete bai Arabako Foru Aldundiari, bai Eusko Jaurlaritzari. "Dirulaguntza publikoak eman dizkie administrazioak, baina gero ez dute ezer egin langileak kalera bidaltzen zituzten bitartean, lan-karga penintsularen hegoaldera zeramaten bitartean eta deslokalizazioak hasi zirenean", salatu dute.
Gaur egun sektoreak nozitzen duen "ezegonkortasun egoera" "koiunturala" dela uste dute, une honetako egoeraren araberakoa. Enpresek, beraz, "etorkizunerako prestatu" behar dute, "euren balio garrantzitsuenari helduz, hots, langileei".
Planta horietako langileen batzordeek gogor kritikatu dute enpresek "krisi koiuntural baten aurrean neurri traumatikoak" hartu nahi izatea. Laguntza publiko garrantzitsuak jaso dituztela gogorarazi ondoren, ohartarazi dute egoera hau ez dela "kaleratzeekin konpontzen", "sektore estrategiko honi epe ertain eta luzera eutsiko dion politika industrial batekin baizik". "Lana banatu beharra dago, inor atzean utzi gabe", diote langileen ordezkariek.
Hain zuzen ere, Euskadi Irratiko Goiz Kronikan Aitor Bezares LABeko Aennovako ordezkaria elkarrizketatu dute goizean, eta hark berretsi du egoera "koiunturala" dela. Zuzendaritzaren isiltasuna salatu du, eta euren aldi baterako enpregu erregulazioa abendura artekoa bada ere, euren egoera lehenbailehen ezagutzera ematea hobetsi dutela azaldu du.