Ekonomia -
Elkarrizketa
Confebask: "Bilboko Portuko gatazka konpontzeko neurri zorrotzak eskatzen ditugu"
Eduardo Zubiaurrek uste du zamaketarien greban "dozenaka langilek eragin oso handia" sortzen ari direla EAEko ekonomian eta "atzerapenak" konpontzeko nahitaez bete beharreko laudoa proposatu du.
Radio Euskadi | Erredakzioa
Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak nabarmendu duenez, Bilboko Portua "lehen mailako agente ekonomikoa da" eta zamaketarien greba eragiten ari den kaltea kritikatu du. "Dozenaka langilek eragin oso handia sortzen ari dira euskal ekonomian", erantsi du.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Zubiaurrek deitoratu du "atzerapenak" daudela produktuen inportazio eta esportazioan, eta "araudiaren urratze larriak" gertatzen ari direla. "Bitartekaritza azkar eta eraginkorra eskatzen dugu, neurri zorrotzak hartu behar dira", azpimarratu du. Zubiaurreren iritziz, arbitraje eta nahitaez bete beharreko laudo bat "eraginkorra" izango litzateke.
Kongresuan izapidetzen ari diren Estatuko aurrekontu orokorren proiektuaren harira, Confebaskeko presidenteak uste du "oso errealistak ez" direla eta Espainiako Estatuak pila dezakeen zorrarekin kezkatuta agertu da, EAEko ogasunei eragingo ez diela uste badu ere. Horren ustez, "jasangarritasuna eta ekonomiaren suspertzea jokoan daude". Horren ildoan, adierazi du Confebask "inbertsioaren aldeko baino, gastu arruntaren aldekoa" dela. "Kontu handia eduki behar da neurri fiskalekin, ekonomiaren suspertzea oztopatu ez dezaten", azaldu du.
EAEko patronalak aurreikusi duenez, 2021eko lehen zatia "jardun gutxikoa eta zailtasunez betea" izango da, eta enpresei "euste" egokituko zaie.
Dieselari ezarritako zerga hizpide hartuta, EAJren iritzi berekoa da Confebask: "Ibilgailuen salmentari eta erabilerari kalte egingo die eta zuzenen eragingo dio automobilgintzari".
ELAk Petronorren harira zabaldutako oharrari buruz ere galdetu diote Zubiaurreri. Sindikatuak salatu duenez, petrolio enpresak ez du Sozietateen gaineko Zerga ordaindu. Confebaskeko presidenteak erantzun du ez duela horren berri, baina honakoa erantzun du: "Herri honen Ogasun publikoaren zergadun nagusiak zerga ordaintzen ez badu, izango da ikerketa eta garapenean, enpleguan eta aktiboen inbertsioan egindako inbertsioek kenkariak eragiten dizkiotelako". Izan ere, Zubiaurreren esanetan, "ekarpen fiskala legediaren arabera egiten da beti".
Azkenik, absentismoaz, honakoa esan du: "Lan arloko absentismoak lehiakortasunari kalte egiten dio eta krisiaren eragina handitu egiten du. Absentismoak ezaugarri sozial eta kulturalekin du zerikusia".
___________________________
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.