Ekonomia -
EZKERRALDEA
Lanaren eta bizitza duinaren alde kalera atera dira 2.000 langile Sestaon
60 kolektibo sozial, sindikatu zein Tubacex, ITP, Mediapost, San Juan de Dios eta Petronor bezalako enpresetako langileek bat egin dute "inor ez dago salbu, erantzun egin behar da" aldarrikatzeko.
EITB MEDIA | AGENCIAS
2.000 langilek baino gehiagok manifestazioa egin dute larunbat honetan Sestaoko (Bizkaia) kaleetan, Ezkerraldean enplegu eta bizitza duina izan daitezela aldarrikatzeko eta "justizia sozialean oinarrituko den prekarietaterik gabeko etorkizuna" lortu arte ez diotela borroka egiteari utziko ohartarazi dute.
60 kolektibo sozial, sindikal eta enpresa-batzorde baino gehiago bildu dira manifestazioan. Han izan dira, besteak beste, Tubacex, ITP, Mediapost, San Juan de Dios eta Petronor enpresetako langileak (enplegu-erregulazioko espedienteen eta ERTEen aurkako mobilizazioetan eta grebetan murgilduta daude).
Manifestazioa Sestaoko Kasko plazatik abiatu da, 12:00etan, "Ezkerraldea kalera. Gaurko borroka etorkizuna da" leloa zuen pankarta batekin. Atzean, bi zutabetan eta segurtasun-distantzia errespetatuz, ITP, Tubacex, San Juan de Dios, Mediapost eta Petronor enpresetako langileak, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak eta kolektibo feministetakoak joan dira, horietako asko euren pankarta propioekin.
Murrizketa sozialen eta industriaren desegitearen aurkako leloak eta lan-eskubideen nahiz aberastasunaren banaketa bidezkoaren aldeko leloak oihukatu dituzte, Sestaoko kale nagusiak zeharkatuz, Kuetoko gurutzeraino, Kasko plazara itzultzeko. Bertan, pentsiodunen ordezkari batek, beste langile batek eta gazte mugimenduko hirugarren batek agiria irakurri dute.
Manifestazio burua. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Desindustrializazioaz eta horren ondorioez ohartarazi dute
"Ez dago pentsio duinik enplegu duinik gabe" ohartarazi dute hasteko, eta "Ezkerraldea jasaten ari den desindustrializazio prozesu basatiaren ondorioz, langabezia eta prekarietate tasa izugarriak dituen gunea" dela gogorarazi dute. Industria desagertzeak "prekarietatea eta miseria dakarten merkataritza-multinazional handiek ordezkatzea" ekarri duela salatu dute, emakumeak kaltetuz, bereziki.
ITP, Mediapost, San Juan de Dios eta Petronor enpresek ere mobilizazioan parte hartu dutela nabarmendu dute, eta kasu horietan "borrokak eta grebak bat egin" dutela: "Batzuetan enpleguaren defentsan egiten duzu greba, beste batzuetan baldintza duinak dituzten kalitatezko zerbitzu publikoen alde", gaineratu dute.
Deitzaileek ez dute ahaztu nahi izan "beste hamaika enpresez, suntsitu diren milaka lanpostuez, arriskuan daudenez edo bizi proiektu duin bat izatera iristen ez direnez". "Inor ez dago salbu, une erabakigarrian gaude eta erantzun egin behar da", defendatu dute.
Manifestazioak izan duen erantzun "jendetsua" goraipatu dute deitzaileek, eta bereziki eskertu dute Tubacexeko enpresa batzordea bertan egotea, "62 eguneko greba mugagabearekin jarraitzen duelako borrokan", eta Aiaraldeko beste batzorde batzuekin batera joan delako, besteak beste, Vidrala, Tubos Reunidos eta Maderas Llodio.
Prekarietatearen eta pobreziaren aurka "borroka" besterik ez dagoela esan dute antolatzaileek eta Ezkerraldeak "etorkizuna" duela aldarrikatu dute, "pertsonak erdigunean jarriko dituzten" politika sozialen alde egiten bada.
Hainbat politikari ere izan dira martxan. Besteak beste, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea eta Roberto Uriarte Unidas Podemoseko Bizkaiko diputatua izan dira bertan.