Publizitatea
Itxi

2021/04/30

11:05

Ekonomia

MAIATZAK LEHENA

Mugikortasunari ezarritako murrizketek Maiatzaren Lehena baldintzatuko dute

Eriz Lotina | eitb.eus

ELAk Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo ditu mobilizazioak. LABek 25 mobilizazio baino gehiago antolatu ditu. bestalde, EAEko UGTk eta CCOOk elkarrekin ospatuko dute berriro.

  • Konfinamendu zorrotzak iazko Maiatzaren Lehena markatu zuen. Artxiboko argazkia: EFE

    Konfinamendu zorrotzak iazko Maiatzaren Lehena markatu zuen. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Euskal Herri osoko langileak Maiatzaren Lehena berriro kaleetan ospatzeko prest daude, iazko konfinamendu zorrotzak eragotzi ondoren. Hala ere, EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiak deialdia baldintzatuko du aurten EAEn; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan mugikortasuna murrizturik izango dute beharginek. Justiziaren erabakiak sindikatuen haserrea piztu du.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen ostegunean Ertzaintzaren zuzendariak apirilaren 22an kaleratutako agindua, hau da, Maiatzaren Leheneko ekitaldietan osasun agintariek ezarritako neurriak errespetatu behar direla, mugikortasunari lotutakoak barne.

Horrela, Mikel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak erabakia kritikatu du goizean: “hemen lanera edo bozkatzera bakarrik joan daiteke, baina ez manifestazioetara”. EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia obeditzea “beste erremediorik” ez dutela onartu du Lakuntzak Radio Euskadin. Hala ere, ELAko ordezkariaren hitzetan, ebazpen “kontraesankorra da, iragan astean sektore publikoko beharginek greba eta manifestazio jendetsuak egin zituztelako”.

1:01

Mobilizazioetara joateko neurri murriztaileen atzean “erabaki politiko bat dago, murrizketak Ertzaintzaren zuzendaritzak ezarri zituelako”, adierazi du ELAko buruzagiak.

Lakuntzak gogorarazi duenez, “agerraldien % 70 lantokietan izaten ari dira; manifestazioak lantokiak baino askoz seguruagoak dira. Lantokietan guztia betetzen al da? (prebentzioa). Pandemia hasi zenetik ez dute enpresarik zigortu”.

“Egunero lanera joateko ematen den mugikortasuna askoz handiagoa da. Lotsagarria da”, salatu du Lakuntzak. Bilboko manifestazioan parte hartuko duela ziurtatu du.

Lakuntza: "Hemen lanera edo bozkatzera bakarrik joan daiteke, baina ez manifestazioetara"

ELA sindikatuak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo ditu maiatzaren 1eko mobilizazioak, lehen aldiz. "Aldaketa garaia da!" lelopean, aldaketarako ordua dela aldarrikatuko du, bereziki azpimarra eginda lan erreformaren indargabetzean eta zerga sistemaren erreforman.

Pentsio publikoen alde egiteko eta lan erreforma indargabetzeko garaia dela iritzi dio sindikatuak, "lan-hitzarmenak bertan negoziatu ahal izateko eta enplegua saihesteko. Horregatik, kalera ateratzeko deia egin du ELAk: "Aldaketa garaia da, bai, baina jakin badakigu aldaketa horiek egi bihurtzeko presioa egiten jarraitu behar dugula bai kalean, baita lantokietan ere".

Manifestazioak 11:30ean abiatuko dira Bilbon, Donostian eta Iruñean; eta ordu erdi lehenago Gasteizen, 11:00etan.

Era berean, Maiatzaren Lehenean kalera ateratzeko deia egin du LAB sindikatuak, politika publikoen “norabide aldaketa” aldarrikatzeko, eta pandemiaren osteko garaian “indartsu” sartzeko, non greba eta mobilizazio gehiago iragarri ditu.

LABek Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroan bakarrik ospatuko du eguna, "Aldaketa da aukera!" lelopean, baina Ipar Euskal Herrian beste kolektibo batzuekin batera egingo du. Guztira, 25 mobilizazio baino gehiago antolatu ditu sindikatu abertzaleak. Sindikatuko idazkari nagusiak Bilboko mobilizazioan parte hartuko du.

Itxialdiak 2020ko Maiatzaren Lehena erabat baldintzatu zuen. Artxiboko irudia: EiTB Media

Martxan dagoen lan eta sindikatu borrokari eta “etorkizuneko” erronkei bultzada emateko helburua du LABek Maiatzaren Lehenean. Aranbururen hitzetan, “pandemiaren osteko fasean greba eta mobilizazio berriak beharrezkoak izango dira”, “errealitateak hortara eramango gaituelako”.

Pandemian zehar kapitalaren interesa “lehenetsi” dela salatu du LABeko buruzagiak, osasun eta zaintza sistema publikoa sendotzeko neurriak “faltan botaz”.

Azkenik, EAEko UGTk eta CCOOk elkarrekin ospatuko dute berriro Maiatzaren Lehena, Langileen Eguna izan dadin Espainiako Gobernuak hitzemandako lan eta pentsioen erreformak gauzatzeko azken "bultzada".

Bi sindikatuek manifestazioak deitu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan "Orain hitza betetzeko garaia da. Langileekin zorretan dagoen herrialdea" lelopean. Mezu horrekin, pandemia hasi zenean zintzilik geratu ziren gaiak "berreskuratu" nahi dituzte.

Arzak azpimarratu du Maiatzaren Lehena "bultzada" bat izatea espero duela Espainiako "Gobernuak langileei hitzemandako bete dezan".

Loli Garciak, bere aldetik, nabarmendu du Maiatzaren Lehenean "kaleak berreskuratu" egingo dituztela, aurreko urtean konfinamenduan egokitu baitzen.

"Bilera eta manifestazio oinarrizko eskubideen aurkako erasoa", salatu dute ESK, CGT-LKN eta Steilasek

Mugikortasunari ezarritako murrizketak “bilera eta manifestazio oinarrizko eskubideen kontrako erasoa” dira, ESK, CGT-LKN eta Steilas sindikatuek salatu dutenez. Horregatik, manifestazioak mantentzea erabaki dute, eta manifestariei “erantzukizunez” jokatzea eskatu diete.

EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurka agertu dira hiru sindikatuak agiri bateratu batean. Sindikatuon hitzetan, “bilera eta manifestazio funtsezko eskubideen kontrako erasoa da, erabaki oso larria”.

Gainera, “gizarte mugimenduek, sindikatuek barne, erantzukizunez jokatu dute orain arte”, pandemia garaian egindako mobilizazio guztietan, nabarmendu dutenez.

Guzti horregatik, manifestazioak mantentzea erabaki dute: “osasuna bermatzeko neurri guztiekin (maskara eta segurtasun distantzia) egingo ditugu”.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena