Itxi

Ekonomia

Lan-gatazka

Epaitegiak baliorik gabe utzi ditu PCB enpresako langileen kaleratzeak

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Epaimahaiak ebatzi duenez, Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan aplikatu duten lan-erregulazio espedientea ez dago justifikatuta. ITP Aero taldeak helegitea jarriko duela iragarri du.

  • PCB enpresako langileen protesta Bizkaiko Justizia Jauregiaren parean.

    PCB enpresako langileen protesta Bizkaiko Justizia Jauregiaren parean. Artxiboko argazkia: EFE

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi ditu ITP Aero taldeak Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan gauzatutako 83 kaleratzeak, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek jakinarazi dutenez.

Halaber, epaimahaiak ebatzi du langile horiek beraien lanpostuetara itzuli behar direla eta enpresak kaleratzeak burutu zituenetik igaro diren egunen soldata ordaindu beharko diela.  

Epaileek atzera bota dituzte enpresak emandako arrazoiak, kaleratzeak justifikatzeko arrazoi ekonomikorik edo produktiborik ez dagoela ondorioztatuta.

Halaber, PCB konpainiaren egoera ekonomikoa ez dela hain txarra azpimarratu dute. Ildo horretan, erantsi dute 2019ko laugarren hiruhilekoan "irabaziak" izan zituela aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. "Oro har, pandemia aurreko garaian antzeko diru-sarrerak izan zituzten eta, ondorioz, hartutako neurriak gehiegizkoak dira; jarduera eta salmenta maila horrekin onartezina baita lantaldearen bostena kaleratzea", dio ebazpenak.

Gauzak horrela, enpresak bizi duen egoera ekonomikoa pandemiak eragin duela eta, beraz, kaleratze kolektiborik gauzatu ezin daitekeela ebatzi dute epaileek; izan ere, 9/20 legearen arabera, pandemia garaian galarazita dago kaleratzeak egitea arrazoi ekonomikoak edo produktiboak justifikatuz.   

Hiru epaileetako batek boto partikularra eman du. Bere ustez, kaleratze kolektiboa "bidegabea" izan dela ebatzi behar zuten, baina ez baliorik gabe utzi.

CCOO sindikatuak pozik hartu du epaileen erabakia eta PCB konpainiako langileek "konpromisoa" azpimarratu du, "mobilizazioetan, negoziazioetan eta bide judizialean eredugarri" izan direla adieraziz.

ELA sindikatuaren esanetan, ebazpenak berretsi egin du langileen ordezkariek hasieratik defendatu dutena: "lan-erregulazio espedienteak ez zuela justifikaziorik eta enpresak pandemiak eragindako egoera baliatu nahi izan duela kaleratzeak egiteko".

Ildo horretan, ELAk gogora ekarri du iazko udan zuzendaritzak 569 langileri ezarritako aldi baterako lan-erregulazio txostena ere baliorik gabe utzi zuela EAEko Auzitegi Nagusiak.

Horrez gain, langileen borroka goraipatu du, kaleratzeak izango zirela jakin zenetik greba mugagabean izan direla nabarmenduta.

ITP Aero taldeak helegitea iragarri du

Bestalde, ITP Aero taldeak "erabateko desadostasuna" agertu du ebazpenaren aurrean eta jakinarazi du bere asmoa helegitea aurkeztea dela.   

Konpainiak berretsi egin du lan-erregulazioaren asmoa "PCBren bideragarritasuna bermatzea" zela.

"PCB galera ekonomikoak izaten ari da 2016tik, eta horretarako inbertsio plan bat jarri zuen martxan, baina sektore aeronautikoaren krisiak eta aldaketa estrukturalek ezerezean utzi zuten", erantsi du.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena