Ekonomia -

Industria

Tubos Reunidosek irteera adostuak proposatu dizkie 1958 eta 1961 artean jaiotakoei

Berrantolaketa-prozesu betean murgilduta dago konpainia, bai eta bere plan estrategikora egokitzen ere. Plan horren arabera, jarduera Amurrion zentralizatzea aurreikusten da, Sestaoko eta Iruñeko lantegiak itxiz eta Trapagarango lantegiaren jarduera aldatuz.

Tubos Reunidosen lantegi bat. Artxiboko irudia.
Tubos Reunidosen lantegi bat.
Tubos Reunidosen lantegi bat. Artxiboko irudia.

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tubos Reunidosek iragarri duenez, "eragin sozialik gabeko" irteerak eskainiko dizkie 1958 eta 1961 artean jaiotako langileei. Horren arabera, berrantolaketa prozesuan ez da enplegua erregulatzeko espedienterik izango

Proposatutako irteerek ez dute "ondorio sozialik" izango, aurre-erretiroen eta sustatutako bajen bidez izan ohi direnak, baina konpainiak ez du jakitera eman zenbat langileri egingo dien eskaintza hori.

Enpresak joan den astean eman zuen jakitera bere plan estrategikoa. Horren arabera, datozen bost urteetan 60 milioi euro inbertitzea aurreikusten du eta diru horrekin altzairutegi berri bat eraikiko du Amurrion (Araba), jarduera guztia bertan zentralizatzeko asmoz.

Altzairutegi berri hori eraikitzeak Sestaoko altzairutegia eta Iruñeko fabrika ixtea ekarriko luke, eta, horregatik, ELA eta LAB sindikatuek ez dute plana onartu.

Altzairutegi berria Amurrion jarriko dute, eta, ondorioz, Sestaoko altzairutegiko ekipoa Amurriora eramango dute. Taldearen altzairutegi berri honek altzairua emango du Trapagaranen eta Amurrion hodiak egiteko.

Trapagaranen, diametro handiko soldadurarik gabeko altzairuzko hodiak fabrikatzeko jarduera bultzatuko da; Amurrion, berriz, 7 hazbete arteko diametroa duten hodiak egingo dira. 

Zuzendaritzak astelehen honetan zehatu duenez, gehienez ere 108 langile lekualdatuko lirateke (1.200 langile ditu guztira): Nafarroako lantegiko 38 langile eta Bizkaian lan egiten duten 415 langileetatik 70.

Trapagarandik Amurriora lekualdatzen diren pertsonek lehentasuna izango dute Trapagarango hodien plantan zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen edozein lanpostu huts betetzeko orduan. 

Halaber, Taldearen jarduera industrialen berrantolaketaren arabera, Espainiako hiru sozietate industrialek bat egingo dute: Tubos Reunidos Industrial, Productos Tubulares (Bizkaia) eta Acecsa (Iruñea).

Sozietatea berrantolatzeko prozesu hori datozen asteetan egingo da, Administrazio Kontseiluak onartu ondoren, eta hiruhileko honetan deituko den ezohiko batzar orokor batek berretsiko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Sestao ELA LAB Ekonomia Eguneko albisteak Trapagaran Albisteak Enpresaburuak Aiarako kuadrilla