Ekonomia -

EB-REN LAGUNTZAK

Escrivak ukatu egin du pentsioak kalkulatzeko epea luzatzea Europar Batasunak eskatu duenik

Gizarte Segurantzako ministroak esan du Espainiako Gobernuak egindako berreskuratze planean jasota dagoela eta ez dela nahitaezkoa izango.

Gizarte Segurantzako ministroa asteazkeneko kontrol saioan.
Gizarte Segurantzako ministroa asteazkeneko kontrol saioan.
Gizarte Segurantzako ministroa asteazkeneko kontrol saioan.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Escriva Gizarte Segurantza ministroak ukatu egin du pentsioak kalkulatzeko epea luzatzea Europar Batasunak eskatu duenik. Toledoko Ituneko gomendioak aintzat hartuta Espainiako Gobernuak landu zuen Errekuperazio Planean jasota dagoela esan du, eta ez dela derrigorrezko izango.

"Ez dut polemikaren nondik norakoa ulertzen. Niri duela urtebete Pablo Iglesiasek zabaldutako zurrumurru bat iruditzen zait, noizean behin berriro ateratzen dena", esan du ministroak. 

Escrivak azaldu duenez, Toledoko Itunaren gomendioetan, pentsioak zenbatzeko sisteman lan-merkatuko errealitate berriak eta "aldakorrak" daudela kontuan hartzeko eskatu zen; izan ere, egungo sistemak urteak bete ahala kotizazioak hobetzen direla hartzen du kontuan, baina hori azken urteetan aldatu egin dela iritzi dio ministroak.

Azaldu duenez, langileen % 30entzat kotizatutako azken urteak ez dira onenak. Horregatik, sistema bidezkoago bat gauzatu behar dela uste du, eragile sozialekin 2022an adostuko dutena. "Kalkulu epea luzatzea baloratu beharko da, baina ez nahitaez, kotizatutako urte onenak aukeratzeko sistema bat egin liteke". Dena dela, gai honen inguruan ez dagoela ezer berririk, esan du ministroak.

Escrivak ukatu egin du, "erabat", karrera profesional jakin batzuetarako pentsioen kalkulu-epea luzatzeak pentsio-gastua murriztea duela helburu; izan ere, asmoa sistema "bidezkoagoa" egitea da, eta azken urteetan kotizatutako langileen egoera hobetzea.

Ministroak ziurtatu duenez, "ez du arazorik ikusten eta ez du kezkatzen" gai honen inguruan koalizio-gobernuan eztabaida sortzea; izan ere, Berreskuratze Planean jasotako neurri bat da, "Gobernu osoak bere gain hartu duena", "aspalditik" hitz eginda dagoena. Gainera, Bruselari ideia bikaina iruditu zaiola azpimarratu du.

Mitxel Lakuntza: "EAJren eta EH Bilduren esku dago pentsioen murrizketa geldiaraztea"

Espainiak erretiro pentsioak kalkulatzeko kotizazio aldiak luzatzeko asmoa duela iragarri biharamunean, Europako funtsen atzean benetan zer dagoen argitzeko eskatu die Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzari eta alderdi politikoei Euskadi Irratiko Faktoria saioan egin dioten elkarrizketan.

"Begi-bistan geratu da lotuta daudela Europako funtsak eta pentsioen jaitsiera", azpimarratu du, eta gehiengoa osatzeko EAJren eta EH Bilduren jarrera izango dela gakoa: "Euren esku dago geldiaraztea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoa Araba EAE Espainia bideoak Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak Pentsioak