Ekonomia -

Radio Euskadi

Next funtsak "apurka-apurka" heltzen ari dira eta ez EAEri dagokion kopuruan, Tapiak deitoratu duenez

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren hitzetan, "funts garrantzitsuenak, ekonomia transformatuko dutenak", heltzeko daude, baina 2022an jasoko dituztelakoan dago.

Tapia, elkarrizketaren une batan. Argazkia: EITB Media
Tapia, elkarrizketaren une batan.
Tapia, elkarrizketaren une batan. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak deitoratu duenez, Europako Next Generation funtsak "apurka-apurka" heltzen ari dira, eta ez EAEri dagokion kopuruan. Sailburuaren esanetan, "funts garrantzitsuenak, ekonomia transformatuko dutenak, urrun daude oraindik (...) Barne Produktu Gordinarengatik, biztanleriarengatik edo Kupoaren bidez ordaintzen dugunagatik dagokiguna ez zaigu heltzen ari. Espero dut 2022an jasotzea".

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan eskainitako elkarrizketa batean, Ukrainako krisiaz ere mintzatu da sailburua. "Espero dut gatazka ez lehertzea, ez baitzaio inori interesatzen", azpimarratu du, eta Euskadiren ekonomian izango lituzkeen ondorio kaltegarriak aipatu ditu, batez ere gasa eta petrolioa garestitzea eragingo lukeela azpimarratuta.

Siemens Gamesaren egoitza Madrilera lekualdatzearen erabakiaz, Tapiak esan du "konfiantzarik eza" eragiten duela, eta horrela jakinarazi ziola konpainiako presidenteari. "Siemens Gamesak oso egoera konplikatua du, eta orain kontseilari delegatuaren egitekoa da egoera hori bideratzea. Ikusiko dugu nola egiten duen lan Madriletik", erantsi du.

Azkenik, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak "trantsizio energetikoa azkartu behar da" esan duela eta, harekin bat egin du, baina nabarmendu du "ondo planifikatu" behar dela, "lekura ondo egokituta, eta errealistak izanda". Sailburuaren hitzetan, "gasaren edo nuklearren eztabaida ez dago mahai gainean Euskadin", eta gogora ekarri du Jaurlaritzak hiru ardatz hauen alde egiten duela: energia berriztagarriak sustatzea, efizientzia energetikoa handitzea eta gasaren ordez hidrogenoa bultzatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Klima-aldaketa Ukraina Eusko Jaurlaritza Zer ari da gertatzen Europan? Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Enpresaburuak Energia berriztagarriak Energia gaur Siemens Gamesaren inguruko albisteak Dirulaguntzak Errusia-Ukraina gerra