Ekonomia -

Bizkaiko garbitzaileen greba

Garbitzaileen grebaren auzian Cebek-ek egindako eskaintza kritikatu du LABek protesta batekin

Sindikatu abertzalearen hitzetan, Bizkaiko patronalak 2025era arte atzeratu nahi du langileek galdegiten duten 1.200 eurorainoko soldata igoera, eta praktikan, igoera % 2koa izango litzatekeela argitu du. "Garbitzaileek eskatzen duten horretatik oso urrun dago hori", salatu du.

Garbitzaileek txikitutako papera zabaldu dute Cebeken egoitzan. Argazkia: @EcuadorEtxea
Garbitzaileek txikitutako papera zabaldu dute Cebeken egoitzan.
Garbitzaileek txikitutako papera zabaldu dute Cebeken egoitzan. Argazkia: @EcuadorEtxea

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuak deituta, Bizkaiko garbitzaileek protesta egin dute Cebek patronalak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Euren zortzigarren greba egunean, negoziazioan dagoen "blokeoa" salatu eta patronalak egin berri dien proposamena euren eskaeretatik "oso urrun" dagoela azpimarratu dute. 

Azaldu dutenez, Cebek-ek "letra txikia eta tranpa" duen proposamena egin dio sindikatuari. Langileek eskatzen duten 1.200 euroko soldata onartzen omen dute enpresaburuen ordezkariek, baina "2025ean egiteko". Sindikatuaren esanetan, hiru urte barru "inflazioa dagoen bezala, 1.200 euroak ezerezean geratuko lirateke", praktikan % 2ko soldata igoera delako, "eta langileek eskatzen duten horretatik oso urrun" dagoelako. 

Sindikatuko iturriek zehaztu dutenez, garbitzaileek haizagailu handi bat erabili dute gaurko protestan, txikitutako paperez betetako sei poltsa Cebek-en egoitzaren aurrean zabaltzeko. Halaber, zaborra utzi dute atarian, eta "CEBEK, garbiketaren hitzarmena barik, kaka zure mahaia gainean dago" leloa zeraman pankarta zabaldu dute. 

10 minutuko "ekintza" izan da, langileen ordezkarien arabera. Ondoren, Ertzaintza bertaratu da eta bi pertsona identifikatu ditu. Langileoi isuna jarriko omen diete kalea zikintzeagatik eta sarbidea oztopatzeagatik. 

Bizkaiko garbitzaileen zortzigarren greba eguna da gaurkoa. Lan hitzarmena berritzea eskatzen dute, eta besteak beste, 15 ordainsaritan banatutako 1.200 euroko soldata aitortzea. Eguerdian manifestazioa egin dute langileek, Bilboko udaletxetik hasita, eta hura amaituta, Cebek-en egoitzara bueltatu dira berriro merkataritza sektoreko beharginekin kanpaldia egiteko. 

Kanpaldia irudikatu dute langileek Cebeken egoitzaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia LAB Grebak CEBEK Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Sindikatuak Feminismoa Enpresaburuak Lan gatazkak Soldatak