Ekonomia -
Energia aurreztea
Jaurlaritza merkatariekin bilduko da 25a baino lehen ekarpenak jaso eta kontingentzia plana aztertzeko
Javier Hurtadok adierazi duenez, kezkak argitzeko eta neurri hauek osatuko duten kontingentzia plan zabalagoa aztertzeko helburuarekin bilduko da Jaurlaritza sektorearekin.
I.G. | eitb media
Abuztuaren 25a baino lehen bilera batera deituko ditu Jaurlaritzak merkataritza eta ostalaritza elkarteak, neurri osagarriekin prestatzen ari diren kontingentzia plana osatzeko, Javier Hurtado Turismo eta Merkataritza sailburuak iragarri duenez.
Gainera, Hurtadoren arabera, ez dute baztertu dirulaguntza berriak martxan jartzea. Izan ere, sektorearen bilerak deitzea eskatu dio sailburuak Espainiako Gobernuari dagoeneko martxan dauden neurriak mahaigainean jartzeko, eta aztertzeko zelan bideratu litezkeen laguntza berriak.
Gauerdian indarrean sartuko den dekretuaren ildotik, Hurtadok nabarmendu duenez, "polemika" gorabehera, neurriak "positiboak dira dendarientzat, horietako askok indarrean zituzten aurretik".
Bestalde, Jaurlaritzak esfortzu kolektiboa egitea eskatu du krisi energetikoari aurre egiteko.