Ekonomia -

Lan-gatazka

UAGAk mobilizazioa antolatu du ostegunean Gasteizen lehen sektorea hauteskunde agendan sar dadila eskatzeko

Traktoreekin aterako dira kalera, eta horren aurretik, gaur alderdi politiko guztien egoitzetara joan dira aldarrikapenak helaraztera.

Traktoreak Gasteizen. Argazkia: EFE
Traktoreak Gasteizen. Argazkia: EFE
Traktoreak Gasteizen. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UAGA Arabako Nekazari eta Abeltzainen sindikatuak lehen sektorearen presentzia handiagoa eskatu du hauteskundeetako agenda politikoan, eta iragarri du mobilizazioa antolatu duela datorren ostegunean Gasteizen nekazarien eta abeltzainen arazoei irtenbide bat ematea eskatzeko.

Sindikatua "kezkatuta" agertu da nekazaritza eta abeltzaintza diskurtso politikoetan "ia" ez delako agertzen, "nahiz eta alderdi guztiek gure aldarrikapenak beteko dituztela hitzeman".

UAGAk agiri batean iragarri duenez, osteguneko mobilizazioaren aurretik, gaur alderdi politiko guztien egoitzetara joango dira sektorearen etorkizuna bermatzeko azken hilabeteotan egin dituzten aldarrikapenak haien eskuetan uztera, "inork ez ditzan ahaztu" zeintzuk diren nekazarien eta abeltzainen lehentasunak.

Ostegunean, berriz, traktoreekin joango dira Gasteizera, Santa Barbara Plazako merkatuan amaituko den manifestazioan parte hartzera, lehen sektorearen aldarrikapenak "presente" egon daitezen herritarrentzat eta politikarientzat.

Sindikatuaren eskaeren artean daude Eusko Jaurlaritzak Nekazaritza eta Abeltzaintza saila edukitzea; makroproiektu eolikorik eta fotoboltaikorik, eta baratze-makroproiekturik ez egitea; Elikadura Katearen Legea "goitik behera" betetzea eta Europako araudia malgutzea lehen sektorearen garapenean laguntzeko.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Alderdi politikoak Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak Sindikatuak Nekazaritza Lan gatazkak Abeltzaintza