Gizartea -
Donostiako epaitegia
CAF zigortu dute langileen grebarako eskubidea urratzegatik
Lanuzteak egin zituzten egunetan jaso ez zuten soldataren erdia eman beharko die enpresak grebalariei lanuzteak. Bestalde, ELA sindikatuari kalte-ordaina eman beharko dio kalte-galeren truke.
Erredakzioa
Donostiako Lan Arloko Epaitegiak Beasaingo CAF enpresa zigortu du, garbitasuneko langileen grebarako eskubidea urratzeagatik. CAFeko garbitzaileen greba 2012an izan zen, eta 116 iraun zuen, ELA sindikatuak jakinarazi duenez.
ELAk helegitea aurkeztu zuen Beasaingo CAF enpresaren garbiketa zerbitzuaz arduratzen den azpikontrataren eta CAF enpresaren kontra, langileen grebarako eskubidea urratu zutelakoan.
Kasuko epaileak greba egunetan langileek jaso ez zuten soldataren erdia ordaintzera zigortu ditu bi enpresak. Halaber, ELA sindikatuari kalte-ordaina eman beharko die kalte-galeren truke.
Salaketan irakur daitekeenez, grebak iraun zuen bitartean enpresak grebalariak ordezkatu zituen legez kontra, eta hala salatu zuten Lan Ikuskaritzan. Lan Ikuskaritzak arau-hausteen akta baten bidez berretsi zuen CAFen, grebalarien ordez, kanpoko langileak sartu zituztela.
Orain, Donostiako Lan Arloko Epaitegiaren epaian jaso dutenez, langileak ordezkatzea, ELAren askatasun sindikalaren eskubidea urratzea ez ezik, langileen greba-eskubidea urratzea ere bada. Gainera, CAFen zuzendaritzaren jokabide horren helburua grebalariei kalte egitea dela jaso dute.
Epaiaren arabera, debekaturik dago berariaz enpresariak grebaren eraginkortasuna arintzeko edozein ekintza egitea. Era berean, lana legezko eran geldiarazteak dakartzan ondorioak zuzenean edo zeharka berdintzea edo arintzea bilatzen duten jokabideak ere debekaturik daude. Gainera, epaiak azpimarratu du greba eskubide bat dela, Espainiako Konstituzioak langileei aitortzen dien eskubideetako bat baita.