Gizartea -
Santiagoko tren-istripua
PPko diputatu batek Renfe eta Adifeko presidenteen dimisioa eskatu du
Maria Teresa Gomez-Limon Santiagoko istripuan zauritu zen eta Gobernuak biktimei ez diela "telegrama bat ere" bidali salatu du. Adifek, bestalde, ez daki nor den ibilbideko zati horren arduraduna.
Erredakzioa
Maria Teresa Gomez-Limon Madrilgo Asanbladako PPko diputatuak, Santiagora bidean zihoan trenaren istripuan zauritu zenak, Julio Gomez-Pomar eta Gonzalo Ferre Renfeko eta Adifeko presidenteen dimisioa exijitu du, arazo baten aurrean enpresako "arduradun gorenak" direlako. Era berean, Kongresuan ikerketa batzordea sortzea eskatu du.
Gomez-Limonek Europa Press albiste-agentziari azaldu dionez, Alviaren gidariak "arduraren parte bat bere gain" badu ere, ez da arduradun bakarra, eta Renfeko eta Adifeko presidenteei egotzi die "konpainia horietan egiten diren akats guztien arduradun gorenak izatea, ez arduradun penalak, baina bai arduradun zibilak".
"Zer gutxiago! Edozein herrialde demokratikotan kargugabetuta egongo lirateke. Segurtasun sistemek huts egin dute alde guztietan, epailearen autoan agertzen denez. Zentzuzkoena litzateke bi presidenteen kargugabetzea, eta ez dut ulertzen nola ez den oraindik gertatu. Haiek dira konpainietako agintari gorenak, eta pareko soldatak dituzte", gaineratu du diputatu popularrak.
Izan ere, Ferrek eta Gomez-Pomarrek Kongresuan eman zituzten azalpenak "penagarriak" izan zirela uste du, eta PPk berak ikerketa batzorde bat eratu nahi ez izatea kritikatu du: "Gutxieneko zerbait da 79 hildakorekin".
Gomez-Limonek Ana Pastor Sustapen ministroaren eta Jose Blanco aurreko ministroaren kontra ere jo du, horiek ere "arduradunak" direlakoan. "Blancok moztu zuen trenbidearen inaugurazioko zinta, segurtasun sistema bat zegoela esanez, baina ez zen hala eta hauteskundeak gertu zirelako esan zuen; eta Pastor ere arduraduna da, kargua hartzen duenean egoera zein den jakiteko betebeharra duelako", azaldu du.
Babesik gabe eta suminduta
Diputatu madrildarrak "oso suminduta" eta "erabat babesik gabe" dagoela azpimarratu du; izan ere, ez du ulertzen nola den posible Gobernuak trenbideen azpiegiturako segurtasun sistemak aldatzea eta "inork azalpenik ez ematea".
"Trena hartu eta ez dakizu zein den arriskua. Sinestezina da istripua gertatu eta hiru egunera jartzea sistema. Zergatik ez zegoen lehenago? Hiru egun geroago sistema ona zela pentsatzen bazuten, hiru egun lehenago ere izango zen, eta 79 heriotza saihestuko ziren", gaitzetsi du.
Akusazio partikularra
Galdera horiei guztiei erantzuteko, Maria Teresa Gomez-Limonek akusazio partikularra egingo du auzian, baina oraindik ez du prozesu guztia abokatuekin zehaztu. "Ez dut inpunitaterik nahi", gaineratu du.
Telegrama bat ere ez
Bien bitartean, Gomez-Limon istripuaren ondorioak pairatzen ari da oraindik (orno batean, esternoiean eta hankan), eta psikologikoki "oso gaizki" omen dago, esperientzia "beldurgarria" izan baitzen. "Beldurra barruraino dut sartuta, min handia egin dit, bizi arte ezin da imajinatu zer den. Baina gainditu egin beharko da, aurrera egin behar da eta", adierazi du diputatuak.
Hala ere, bide horretan ez omen du Espainiako Gobernuaren babesa izan, ez baitie biktimei "telegrama bat ere" bidali: "Ezer ere ez. Eta ez diputatua naizelako, biktima gisa baizik".
Adifek ez daki nor den trenbide zati horren arduraduna
Trenbide Azpiegituretako Kudeatzailea (Adif) aztertzen ari da tren istripuaren auzia eramaten ari den epailearen eskariari nola erantzun; izan ere, ez daki zein edo zeintzuk diren trenbidearen zati horretako Adifen arduraduna edo arduradunak.
Gainera, Adifek ez daki noizko bidaliko duten epaileak eskatutako informazioa (inguruan izandako gertakarien dokumentazioa, baimendutako abiaduren txosten teknikoak eta irizpideak, segurtasun protokoloak eta barne auditoriak) eta noiz jakingo duten nortzuk diren segurtasun arduradunak.
"Aholkulari juridikoak autoa aztertzen ari dira, ez baitago oso argi epaileak eskatzen dituen pertsonak nortzuk diren", adierazi dute Adifeko iturriek.