Gizartea -

Danborrada 2014

Hunkituta jaso du Joaquin Fuentesek Urrezko Danborra

Aurrez, eguerdiko hamabietan, eta euria egin arren, ia 5.000 haurrek parte hartu dute Haur Danborradan.

2013 danborrada. Argazkia: EiTB
2013 danborrada. Argazkia: EiTB
Joaquin Fuentes psikiatrak Urrezko Danborra jaso du

1:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joaquin Fuentes haurren psikiatrak eta autismoan adituak eguerdian jaso du Urrezko Danborra, Donostiako udalak ematen duen golardo garrantzitsuena. Sarriegiren doinuen artean, eta jendez gainezka zegoen udal aretoan, Juan Karlos Izagirre alkatearen eskutik jaso du Fuentesek saria.

Hunkituta jaso du psikiatrak golardoa eta autismoak "mediku eta pertsona" hobea izaten lagundu diola azpimarratu du. Gautena elkartean abian jarri duten "Gipuzkoar eredua" ere nabarmendu du Fuentesek.

"Gipuzkoar eredua ondorengoa da: sendian arazoa duten pertsonen, zientzialarien eta erakundeen artean kudeatutako programa bat abian jartzea. Horretan datza. Edozertarako balio du gainera horrek", esan du.

Sari hau jasotzea ahalbidetu duten pertsona guztiei eskerrak eman dizkie psikiatrak.

Pedro Miguel Etxenike zientzialariak eta Juan Karlos Izagirre alkateak aurtengo Urrezko Danborraren izaera goraipatu dute, "Donostia zientziaren eta jakinduriaren hiri moduan munduari erakusten jakin" duelako.

Txistulari bandak eta Union Artesanako danborradak parte hartu dute ekitaldian, baita ‘Amigos del Europa’ danborradako bi kidek ere, horietako bat, Fuentesen semea.

Haur danborrada

Aurrez, eguerdiko hamabietan, eta euria egin arren, ia 5.000 haurrek parte hartu dute Haur Danborradan.

Haur Danborrada

Haur Danborrada

50 konpainiatan banatuta irten dira etxeko txikienak. Alderdi Ederren hasi dute ibilbidea eta Donostiako kale nagusiak zeharkatu dituzte. Zira gardenak soinean eraman arren, ikuskizun koloretsua eskaini dute. Kaleetan, milaka lagunek jarraitu dute danborrada.

Aitor Ikastolako Malen Arrieta izan da Danbor Nagusia eta haren gidaritzapean jo dute haurrek Donostiako Martxa. Horrez gain, Diana, Iriyarena, Polka, Erretreta eta Tatiago ere jo dituzte.

Easo Ederra The English Schooleko Sara Esnal izan da, 12 urtekoa eta Jenerala, berriz, Oihana Etxezarreta Hernandez. Lehen aldiz, mutilak zein neskak irten dira Easo Ederraren karrozan.

Azpeitian ere haurrak izan dira goizean protagonista nagusiak. Euripean egin dute ibilbidea ehunka haurrek, baina eguraldi txarrak ez ditu kikildu eta danborra gogotsu jo dute.

MAM-eko argazkia: azpeitia_

MAM-eko argazkia: azpeitia_

Jaiaren amaiera gauerdian

San Sebastian eguna ez da oraindik amaitu eta arratsalde eta iluntze osoan entzun ahal izango dira Sarriegiren doinuak Gipuzkoako hiriburuan. Guztira 15.468 pertsonek parte hartuko dute Donostiako auzo guztietan banatuta 128 danborradetan.

Festa gauerdian amaituko da. Orduan, Konstituzio plazan bildutako Union Artesana elkarteko danborrariek San Sebastian Martxa joko dute, azkeneko aldiz, jaiari bukaera emateko. Juan Karlos Izagirre alkatea arduratuko da hiriko bandera jaisteaz.

Jaia 24 ordu lehenago hasi da. Udal liburutegiko erlojuak gauerdia markatu duenean, bandera igo eta San Sebastian Martxa jo dute Gaztelubide elkarteko kideek.

MAM-eko argazkia: danborradahasiera_

MAM-eko argazkia: danborradahasiera_

Azpeitian ere, 00:00etan jaitsiko dute udaletxeko bandera, eta 2015era arte agur esango diete danbor hotsei. Aurten, 6 talde hauek parte hartuko dute banderaren jaitsieran: Zezenzaleak, Barrenetxea, Oilo Soro, Irrintzi, Txalintxo eta Arauntza. 22:45ean, Sanjuandegitik abiatu eta Azpeitiko kaleetan barrena ibiliko dira, gauerdia baino lehen udaletxeko plazara heldu arte.

Lakuntzan eta Tafarran ere, Nafarroan, gauerdian amaituko dituzte San Sebastian eguneko ospakizunak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Danborrada 2024