Gizartea -
Santiagoko tren istripua
Irabazi-asmoengatik biziak arriskuan jartzea egotzi dio epaileak Adifi
Abiadura kontroletan egindako aldaketen egokitasuna zalantzan jarri du instrukzio epaitegiak.
Erredakzioa
Santiagoko tren istripua ikertzen duen auzitegiak ''irabazi-asmoengatik'' bidaiarien biziak arriskuan jartzea egotzi dio Adif Trenbide Azpiegituren Administratzaileari. 2013ko uztailaren 24an izan zen istripua, eta 80 lagun hil ziren ezbeharraren ondorioz.
Ostiral honetan jakitera eman duten epaian, instrukzio epaitegiak zalantzan jarri du Adifek abiadura kontroletan egindako aldaketen egokitasuna. ''Ematen du abiadura handiko linean egindako aldaketa erabiltzaileentzat onura txikia baino ez zela izan, eta horrek ez luke justifikatutako aldaketak eragindako arrisku handia'', epaileak azaldu duenez. ''Erabaki horrek minutu batzuk aurreztea baino ez zuen ekarri; ordainetan, ordea, ehunka edo milaka bidaiarengan arriskua handitzea eragin zuen'', gaineratu du.
Hala, epaileak zalantzan jartzen du balazta automatikoen ERTMS sistema baztertu eta ASFA sistema jarri izanaren egokitasuna, azken sistema horrek ez baitio gidariari abiadura aldaketaz ohartarazten.
Epaiaren arabera, ''irabazi-asmoei lotuta, ustez bidaiari gehiago lortu nahi izateak'' eragina izan zuen hartutako erabakian.
Madrid eta Ferrol arteko ibilbidea egiten zuen Alvia tren horrek, eta 200 bat bidaiari zeramatzan. Santiagotik gertu, bihurgune batean, bidetik irten zen, 190 km/h-ko abiaduran. Baimendutako gehienezko abiadura 80 km/h-koa zen tarte horretan.