Gizartea -

Indarkeria matxista

41 emakume hil dituzte 2014an genero indarkeria kasuetan

Horietatik bederatzi abuztuan hil dituzte; azkena, larunbatean, Arganda del Rey herrian. Biktima guztietatik 11k baino ez zituzten salatu tratu txarrak.

Arganda del Reyko hilketa gertatu zen lekua. Argazkia: EFE
Arganda del Reyko hilketa gertatu zen lekua. Argazkia: EFE
Arganda del Reyko hilketa gertatu zen lekua. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatean Arganda del Reyn (Madril) gizon batek amaginarreba hil eta bere bikotekidea larri zauritu ondoren, 41 dira dagoeneko Estatu espainiarrean 2014an genero indarkeria kasuetan hildako emakumeak, horietatik bederatzi, abuztuan.

Aurten hildako 41 emakumeetatik, 11k bakarrik jarri zuten salaketa, eta horietako bik akusazioa kendu zuten azkenean. Hiru emakume babespean zeudela hil zituzten.

2012ko eta 2013ko abuztuetan hilketa bat egon zen. 2011koan lau, eta bi 2010eko hilabete berean. 2009an zazpi izan ziren hildako emakumeak, 2008koen erdiak (14). Azkenik, 2007an zortzi izan ziren, Europa Pressek jasotako datuen arabera.

Ana Mato Espainiako Osasun, Zerbitzu Sozialak eta Berdintasun ministroak "kasuak salatzeko" deia egin zion gizarteari aurreko asteazkenean, eta "tratu txarren edonolako zantzuaren aurrean ekitea" eskatu zuen. Gogorarazi zuenez, tratu txarrak pairatu dituzten emakumeen % 70k bizitza berreraikitzea eta aurrera egitea lortzen dute.

PSOEk, bestalde, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea kritikatu du, esanez ez duela genero indarkeriaren kontrako borroka aipatzen hitzaldi publikoetan ez Parlamentuan.

"Isiltasun" horrez gain, PSOEk "arazo honen kontra egiteko egin diren ekimenak ukatzea eta bere horretan jarraitzea" aurpegiratu dio PPri.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak