Gizartea -
Istripuak
Hiru egunean behin pertsona bat hil da euskal errepideetan, urrian
Arratsalde honetan emakume bat zendu da Burgin, Nafarroan, eta, ondorioz, zazpi lagun dira jada hilabete honetan hildakoak.
EITB.EUS
Urria tamalgarria izaten ari da istripuei dagokionean, Euskal Herrian. Hogei egunetan zazpi pertsona hil dira zirkulazio ezbeharretan.
Urriaren 2an, 30 urteko gazte nafar bat hil zen Araban izandako auto-istripu batean.
Biharamunean, berriz, bost urteko ume bat zendu zen Errezilen, lau gurpildun ‘quad’ txiki batean zihoala istripua izan ostean.
Urriaren 6an, 43 urteko emakume bat hil zen Bilboko Plaza Zirkularrean Bizkaibusen autobus batek harrapatuta. Antza, zorabiatu egin zen eta errepidera erori zen autobusa pasatzen ari zenean.
Urriaren 16an, gizonezko bat zendu zen Mallabian, gidatzen zuen motorrak ibilgailu batekin talka eginda. Biktimak 57 urte zituen eta Ermuko bizilaguna zen.
Urriaren 19an istripua izan zen Oñatin. Gizonezko bat larri zauritu zen, bere autoak eta furgoneta batek elkar jo eta gero. Gizonezkoa ospitalera eraman zuten, baina hurrengo egunean hil zen.
Atzo, 28 urteko gazte iruindar bat hil zen Orkoienen, gidatzen zuen motoak enpresa bateko hormaren aurka talka eginda.
Azken heriotza arratsalde honetan jazo da, Burgin, Nafarroan. Emakumezko bat hil da ibilgailua errepidetik atera eta ibaira erorita.