Gizartea -
Azken asteleheneko azoka
Urriko azken asteleheneko azoka jendetsua, Gernikan
Guztira, 313 salmenta postu jarri dituzte. Gernikako Udalak azokaren balorazio positiboa egin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
110.000 pertsona inguru gerturatu dira gaur Gernikara, urriko azken asteleheneko azokaren tenorean. Gernikakoa, Euskal Herrian egiten den nekazaritza azoka garrantzitsuenetakoa da eta, guztira, 313 salmenta-postu jarri dituzte.
Iñaki Gorroño Gernikako Udaleko Azoka eta Merkatu zinegotziak urriko azken asteleheneko azokaren balantze positiboa egin du. Eguraldi onak lagunduta, ehunka lagun gerturatu dira Gernikara erosketak egitera eta eguna pasatzera.
Lehiaketetako sariei dagokionez, barazkien atalean Urdulizko Adela Adikoetxea nagusitu da eta gazta onenaren saria, berriz, Elgoibarko Mausitxa gaztandegiak irabazi du -Mutrikuko Goienetxek irabazi du bigarren saria-.
Amorebieta-Etxanoko Valentin Llona gailendu da mila-lore eztien sailean, Kortezubiko Javier Larrinaga txilar eztien alorrean, Gatikako Itziar Etxebarria fruta onenen sailean eta Gernikako Mari Carmen Alcibar loreen sailean.
Txakolin lehiaketan, bestalde, Zallako Abeitxa-Txabarri txakolindegiak lortu du txakolin txuri onenaren saria, Fikako Uriartek txakolin gorri onenarena eta Urduñako Filoxera-Maisu C.B.-k txakoli beltz onenarena.
Azkenik, Bilboko Mendata Berria jatetxeak erosi du hirugarren urtez jarraian Gernikako urriko azken asteleheneko azokan garaile irten den gazta, 3.700 euro ordainduta. Halaber, Xaibor diskotekak eskuratu du bigarren tokian gelditu den gazta 300 euroren truke. Enkantean bildutako dirua Calzada zaharren egoitzara bideratuko du Gernikako Udalak.