Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Herri-epaimahaiak Andinaren hilketa argitzeko galdera sorta jaso du
Akusatua errudun jo ala ez; horixe erabaki beharko dute datozen orduetan.
eitb.eus
Bilboko epaitegietan, herri-epaimahaiak goizean jaso du Andina Pereidaren hilketa argitzeko galdera sorta, ETBk jakitera eman duenez. Akusatua errudun jo ala ez; horixe erabaki beharko dute datozen orduetan. Fiskalak eta Estatuko abokatuak 15 urteko kartzela-zigorra eskatzen dute, akusazio partikularrak, 19 urte eta erdi; eta defentsak, aldiz, absoluzioa.
Joseba Andoni Agirrek, Andina Pereidaren ustezko hiltzaileak, “errugabea” dela berriz esan zuen epaiketaren azken saioan. 35 urteko bikotekide ohia 2014ko martxoaren 17an, Mungian (Bizkaia), plantxa baten kablearekin itotzea leporatzen diote Agirreri.
“Maite duzun pertsona hiltzea egotzita, kartzelan egotea oso gogorra da”, adierazi zuen akusatuak.
“Hertsapenaren aurrean ez nuen etsi”
Azken alegatuan, akusatuak “barkamena” eskatu zion epaimahaiari. “Hor eserita zaudete, errudun aitortzeko hertsapenaren aurrean etsi ez nuelako”, azpimarratu zuen.
Seme-alabak ikusi gabe bi urte baino gehiago daramatzala deitoratu zuen Joseba Andoni Agirrek. Epaiketan, lekukoei “mehatxari” begiratu ez diela nabarmendu zuen, “arretaz” baizik. Era berean, lekukoen testigantzak “bideratu” dituztela salatu zuen.
Bestalde, azken txostenean, ikerketa “irregulartasunez” josita dagoela esan zuen bere abokatuak, “metodo zientifikoa erabili ez dutelako”. “Inkisizioak ez du balio”, adierazi zuen, ertzainek akusatuaren aitortza lortzeko moduari erreferentzia eginez.
Akusatuak hildakoaren “mugimendu guztiak kontrolatzen” zituela azaldu zuen akusazio partikularrak, “oso jeloskorra” zelako. Hala, hilketa baino lehen, 17 egunetan zehar 1.000 dei baino gehiago egin zizkion biktimari.
Aldez aurretik lapurtutako giltzekin biktimaren etxean sartu zela gogorarazi du Ministerio Fiskalak. Bakarrik zegoela jabetu eta ito egin zuen. “Etxean egon zen eta hil egin zuen”, gaineratu du.