Gizartea -
Indarkeria matxista
Gasteizko epaitegi arrunt batek ikertuko du Aliciaren hilketa
Auzia Emakumeen aurkako Indarkeriari buruzko Gasteizko eta Burgosko epaitegien esku egon da aldez aurretik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alicia 17 hilabeteko neskatoaren hilketa Gasteizen ikertuko dute azkenean, Arabako Auzitegiak hala erabakita.
Umetxoa urtarrilaren 25ean hil zen, ospitalean. Egun batzuk lehenago, amarekin harreman sentimentala hasten ari zen Daniel Montaño musika irakasleak leihotik bota zuen.
Hasieran, Emakumeen aurkako Indarkeriari buruzko Gasteizko Epaitegiak ikertu zuen auzia, baina ondoren Burgoskoari igorri zion, haurraren ama bertan bizi baita.
Nolanahi ere, akusatuak helegitea aurkeztu zuen erabaki horren aurka, Aliciaren amarekin harremanik ez zuela argudiatu baitzuen.
Egun, Valladoliden espetxeratuta dute Montaño. Bertara eraman zuten Zaballako kartzelatik, beste presoek erasotzea saihesteko.
Arabako Auzitegiaren autoaren arabera, ikerketan lotura duten bi delitu ikertu behar dira: umearen hilketa eta amaren hilketa saiakera.
Horren haritik, Emakumeen aurkako Indarkeriari buruzko Burgosko Epaitegiak amaren aurkako erasoa epaitzeko eskuduntza duela ezarri du Arabako Auzitegiak, baina ez neskatoaren hilketa, ez baitzen akusatuaren alaba.
Umearen hilketa espetxe zigor handiena dakarren delitua denez, auziaren instrukzioa Gasteizen egitea erabaki du auzitegiak.