Itxi

Gizartea

Ingurumena

Plastikozko poltsak ordaindu beharko ditugu martxotik aurrera

Eider Garaikoetxea | EITB.EUS

Dendariek bost eta 15 zentimo artean kobratuko dute poltsa bakoitzeko. 2020an guztiz debekatuta egongo dira.

  • Plastikozko poltsak supermerkatu batean. ETB

    Supermerkatu batzuetan ordaindu beharrekoak dira poltsak. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.

Dendara joan eta erositako produktuengatik ez ezik, plastikozko poltsengatik ere ordaintzea. Martxoaren 1etik aurrera lege izango da gure eguneroko erosketetan. Berez, urtarrilaren 1etik dago indarrean plastikozko poltsak kobratzea ezartzen duen legea, baina Espainiako Gobernuak hiru hilabeteko epea eman zuen, "moldatzeko". Hala, martxoaren 1etik aurrera derrigorrez ordaindu beharko ditugu poltsok. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera erabat debekatuta egongo dira.

Prezioa poltsaren lodieraren araberakoa izango da: 30 mikrako edo lodiagoak diren poltsengatik 15 zentimo ordainduko ditugu; 15-29 mikrakoengatik, 10 zentimo, eta 15 mikra baino gutxiagokoengatik, bost zentimo (Ingurumen Ministerioak emandako gutxi gorabeherako prezioak). Azken horietan ("poltsa oso arinak" ere deitutakoak) salbuespena ezarri du Espainiako Gobernuak: higiene arrazoiak tarteko beharrezkoak edota soltean saldutako produktuak eramatekoak badira (esaterako, fruta, lekalea, haragia, arraina...). Erabilera hori ez duten "poltsa oso arin" horiek kobratuko dituzte. 2020ko urtarrilaren 1erako konpostagarriak izan beharko dira poltsok.

Erosketa mota guztietan kobratuko dira poltsok: denda fisikoan eta sarekoan egindakoak edota etxera eramateko erosketetan. Saltzaileek leku ikusgarri batean jarri beharko dituzte salneurriak.

Espainiako Gobernuak plastikozko poltsen erabilera murrizteko onartutako errege dekretuan du oinarri neurriak. Aurrez, 2015ean, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak zuzentaraua onartu zuten. Europako herrialde batzuk duela bi urte hasi ziren plastikozko poltsengatik kobratzen.

2019rako plastikozko poltsa "arina"k (50 mikra baino gutxiagokoak) % 80 murriztea du xede Europar Batasunak (EB). Datu bat argigarri: 2010ean EBko herritar bakoitzak batez beste 200 poltsa erabili zituen urtean. Gehienak, % 90, arinak ziren, gutxien berrerabiltzen direnak eta gehien kutsatzen dutenak. Bada, neurriok ezarrita, 2019a amaitzerako, batez bestekoa 90 poltsa baino gehiagokoa ez izatea nahi du Europak. 2025eko abenduaren 31rako, batez bestekoa 40 poltsara murriztea nahiko luke EBk.

Aipatutako neurriez gain, eta birziklatzeko orduan poltsok nora bota behar ditugun jakiteko, poltsa guztiek jasota eduki beharko dute zein edukiontzitan sartu behar ditugun.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena