Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Indarkeria matxistagatik egunean hiru salaketatik gora jaso ziren Nafarroan 2017an
Foru Gobernuak egindako txostenaren arabera, azken bi urteetan gora egin du salaketen kopuruak. % 80k zigorra jasotzen dute.
Agentzia | Erredakzioa
2017an, indarkeria matxista tarteko, 1.271 salaketa jaso ziren Nafarroan, eguneko hiru pasatxo, Foru Gobernuak urtero emakumeen kontrako indarkeria ardatz hartuta egin izan ohi duen txostenaren arabera. 5 salaketatik 4k zigorra jasotzen dute.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emandako datuen arabera, azken 10 urteetan 12.000 salaketa zenbatu dituzte.
Prentsaurrekoan aurkeztutako txostenaren arabera, hiru biktimetatik bi Espainiako Estatuan jaioak dira (hirugarrena atzerritarra da). Erasotzaileei dagokienez, gizonen % 82 biktimen bikotekideak edo bikotekide ohiak ziren. Salaketen % 10 bortxaketagatik aurkeztu zituzten (biktimak ezagutzen ez zuen gizon batek egina).
Olloren esanetan, gora egin dute salaketek azken bi urteetan. 2016an 2015ean baino % 26 salaketa gehiago aurkeztu ziren, eta 2017an 2016an baino % 22 gehiago. Salaketa aurkeztu eta gerora erretiratzen dutenen tasa % 10ekoa da, Espainiako Estatuaren batez bestekoaren antzekoa (% 9,9).
Babes neurriei dagokienez, emakumeen % 20k eskatu zituzten. Epaitegiek 3 kasutik bakarra baztertu zuten (% 33).
Harrera zerbitzuek 115 emakume eta 134 adingabe (50 neska eta 84 mutiko) artatu zituzten iaz. 2016ko datuekin alderatuta, artatutako emakumeen kopuruak gora egin zuen 2017an (% 16). Arlo psikosozialean, arreta integraleko taldeen zerbitzua % 60 hazi da.
Horrez gain, Emakumeen Salerosketaren aurkako Nafarroako Foroaren baitan, koordinazioari bultzada eman zitzaion iaz. Hala, salerosketaren biktimen inguruko datuak biltzeko prozesua hobetu da.
Salaketen % 80k zigorra jasotzen dute
Epaiei dagokienez, Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak 508 juizio egin ziren 2017an (433, 2016an). 407 kondena-epai (% 80) izan ziren, eta 101 absoluzio-epai (% 20). Hots, bost salaketatik lauk zigorra izan zuten.
Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak nabarmendu duenez, gai honetan berebiziko garrantzia dute bisibilizazioak, kontzientziazioak eta sentsibilizazioak, indarkeriari aurrea hartzeko ardatz gisa. Hori horrela, jaietan eta azaroaren 25ean egindako kanpainak aipatu ditu Ollok.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.