Gizartea -
Nafarroa
Mikel Goñi espetxean sartu da jada, jasotako zigorra betetzeko
Pilotari ohiak zortzi urte eta hiru hilabeteko espetxealdiari aurre egin behar dio, bi gizon atxikita izan, eta eraso eta estortsioa egiteagatik, marihuana landareak lapurtzea egotzita.
eitb.eus
Mikel Goñi Oronoz-Mugairiko (Nafarroa) pilotari ohia Iruñeko kartzelan sartu da dagoeneko, zortzi urte eta hiru hilabeteko espetxe-zigorra betetzeko, Noticias Taldeko hedabideek zabaldu dutenez.
Iaz ezarri zioten zigorra, bi gizon atxikita izan, eta eraso eta estortsioa egiteagatik, marihuana landareak lapurtzea egotzita, berak alokairuan zuen etxe batean.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez ditu onartu Goñik aurkeztutako helegiteak, eta, ondorioz, kartzelan sartu behar izan du.
Epaiaren arabera, 2014ko urriaren 30ean, 23:30 aldera, Mikel Goñi, Jesus Maria Maya eta identifikatu gabeko beste pertsona bat pilotari ohiak Eugin gizon bati alokatutako etxe batean sartu ziren, eta marihuana landare bat lapurtu izana egotzi zioten.
Akusatuek gizona atxiki zuten, eskuak lotu zizkioten, ibilgailu batean igoarazi, eta Elizondora eraman zuten. Hara iritsitakoan, jipoitu egin zuten, eta abenduaren 2ra arte izan zuten bahituta.
Garai hartan, akusatuek heriotza-mehatxua egin zioten beste pertsona bati; 10.000 euro ordaintzeko ere eskatu zioten, eta hatz batean bihurkina sartu eta zauri bat egin zioten, dirua lortzeko.
Bi atxiloketa deliturengatik, 25na hilabeteko zigorra ezarri diete Mikel Goñiri eta Jesus Maria Mayari, eta beste 25na hilabetekoa, mehatxuen delituagatik. Halaber, 24na hilabeteko kartzela zigorra ezarri zien epaileak lesioen delituagatik, eta 10.000 euro ordaindu behar izan zizkioten bigarren biktimari, kalte-ordain gisa.