Gizartea -
ZIENTZIA
Dickinsonia, Lurreko inoizko animalia zaharrena
Duela 558 milioi urte inguru bizi izan zen. 1,4 metro luze zen eta forma obalatua zuen.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Dickinsonia da Lurrean inoiz bizi izan den eta orain arte identifikatu duten animalia zaharrena, fosil batean aurkitutako koipe molekula batzuen bitartez ikerlariek baieztatu ahal izan dutenez. Duela 558 milioi urte inguru bizi izan zen.
1,4 metro luze zen, forma obalatua zuen eta saihets multzo handia zuen. Itxuraz, manta arrainaren antza zuen.
"Fosilean aurkitu ditugun koipe molekulek egiaztatzen dutenez, animaliak ugariak ziren duela 558 milioi urte, hau da, guk uste genuena baino milioika urte lehenago", esan du Jochen Brocks Australiako Unibertsitate Nazionaleko kideak ohar batean.
"Dickinsoniaren koipe molekulak aztertuta, Lurrean inoiz izan den animalia zaharrena dela baiezta daiteke. Hamarkada askotako misterioa argitu da, Paleontologiaren Graal Santua da", gaineratu du Brocksek.
Itsaso Zuritik gertu aurkitu zuten fosila, Errusia ipar-ekialdean. Ehunak oso egoera onean zeuden eta kolesterola zuten oraindik, animalien bereizgarri den koipea.