Gizartea -
indarkeria matxista
Gizon batek emazte ohia hil ei du Malagan
Biktimak tratu txarrak jasan zituen bi gizonen aldetik, eta urruntzeko agindua ezarri zieten biei.
Agentziak
Guardia Zibilak indarkeria arrastoak dituen 44 urteko emakume baten gorpua aurkitu du Malagan, Torrox herriko El Morche hondartzan.
Biktimak bi gizonen tratu txarrak pairatu zituen, eta urruntzeko agindua ezarri zieten biei.
Horietako bat atxilotu dute gaur goizean, hilotza aurkitu eta ordu batzuetara, hilketarekin zerikusia duelakoan.
Bestalde, Maria Gamez Espainiako Gobernuak Malagan duen ordezkariordeak deitoratu egin du "indarkeria matxistaren biktima berri bat" gertatu izana. "Laztura errepikatzen da; izututa nago Torroxen indarkeria matxista pairatu zuen emakume bat indarkeria arrastoekin hilik aurkitu ostean", esan du Twitterren, eta ikerketa abian dela gaineratu du.
___________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.