Gizartea -
CLARA CAMPOAMORRI OMENALDIA
Genero indarkeriaren legea 'sistematikoki' urratzen dela salatu du Estrella Ruizek
Clara Campoamor elkarteko presidentearen iritziz, hainbat adin txikikoren hilketa ekidin ahal izango lirateke Espainian genero indarkeriaren legea osotasunesan aplikatuko balitz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Blanca Estrella Ruiz Clara Campoamor elkarteko presidentea haserre agertu da azken egunotan izan diren hilketa matxistengatik eta "Espainian genero indarkeriaren legea sistematikoki urratzen" dela salatu du, babesik gabe utziz seme-alabak.
Bederatzi emakume eta 3 eta 6 urteko bi ume hil dituzte irailean. Urte osoko datu beltzak ikusita, Blanca Estrella Ruizek esan du hainbat adin txikikoren hilketak ekidin ahal izango liratekeela Espainian genero indarkeriaren legea osotasunean aplikatuko balitz. Legeak, izan ere, biktima gisa babesten ditu ume horiek, emakumeen baldintza berdinetan.
"Urruntze agindu batek seme-alabak ere kontuan izan behar ditu tratu txarren eragilearengandik babesteko" esan du Ruizek. Epaileei "balorea izan" eta "akatsak onartzeko" ere eskatu die.
Clara Campoamorri omenaldia Donostian
Blanca Estrella Ruiz Donostian izan da gaur Euskadiko gazte sozialistek Clara Campoamorri antolatu dioten omenaldian, Donostiako Polloe hilerrian. Bihar, izan ere, 78 urte beteko dira Espainiako Estatuan sufragio unibertsala onartu zenetik.
1931ko urriaren 1ean, Clara Campoamorrek 161 diputatu konbentzitzea lortu zuen emakumeen boto-eskubidea onar zezaten.
Militante feminista historikoa Donostian dago hobiratuta eta aste honetan bere izena daraman plaza inauguratu dute Kontxa hondartza parean.