Itxi

2018/10/22

12:45

Gizartea

MTV MUSIC WEEK

Trafiko aldaketak Getxon, MTVk Portu Zaharrean egingo duen kontzertua dela eta

EITB.EUS

Urriaren 31n, Algortako Portu Zaharreko karpan, Wolf Alice, Belako, La Casa Azul eta WAS taldeak arituko dira. Sarrera doakoa izango da.

  • Algortako Portu Zaharra

    Algortako Portu Zaharra. Artxiboko argazkia: Airetikan

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Urriaren 25etik aurrera, trafikoan aldaketa nabarmenak izango dira Getxon, MTV AEBko telebista kateak Bizkaian antolatu duen MTV Music Week kontzertu astea dela eta. Zehazki, urriaren 31n izango da kontzertua Algortako Portu Zaharrean.

4.000 pertsonarentzako edukiera izango duen karpan, Wolf Alice, Belako, La Casa Azul eta WAS taldeak arituko dira. Sarrera doakoa izango da.

Trafiko aldaketak urriaren 25ean hasiko dira. Azpiegiturak jartzeko muntaketa-lanak direla eta, egun horretan, 06:30ean, Portu Zaharreko aparkaleku handiaren sarbidea itxiko dute, eta ezingo da bertan aparkatu ekitaldiaren logistikaren muntaketa osoa kendu arte.

Arrazoi berberagatik, urriaren 29tik aurrera, ondoan dagoen aparkaleku txikia ere itxiko dute.

Urriaren 30ean, 06:30etik aurrera, Portu Zaharreko sarbidea itxiko da Igeretxe ondoko biribilgunetik, eta ekitaldia amaitu eta ordu batzuk igaro arte ezingo da Ereaga ondoko aparkalekuan autorik utzi.

Egun horietan, bertako bizilagunen ibilgailuak baino ezingo dira sartu Portu Zaharrera, betiere, behar bezala egiaztatzen badute.

Kontzertuaren egunean, 15:00etan, Aretxondo kalea itxiko dute trafikoarentzat (garajea duten auzokideentzat bakarrik izango da erabilgarri). Portu Zaharreko igogailu-zerbitzua 14:00etan etengo dute, eta Usategitik Portu Zaharrera doan Genaratxu parkea 15:00etan itxiko dute.

Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko gomendioa eman dute.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;