Gizartea -
TXAKURREN ERASOAK ARDIEI
Gipuzkoako basozainak: 'Txakurrak tirokatzeko, prozedura zorrotza jarraitu behar da'
Eskoriatzako baserri batetik ihes egindako bi txakurrek inguruko 70 ardi inguru hil ostean, polemika piztu da, eta horren inguruan duen iritzia eman du Gipuzkoako Basozainen Elkarteak.
EITB.EUS
Eskoriatzako baserri batetik ihes egindako bi txakurrek inguruko 70 ardi inguru hil ostean, eztabaida piztu da. Artzainek txakurren jabeen, basozainen eta erakundeen ardura falta salatu zuten azaroaren 6an Eskoriatzan eskainitako prentsaurrekoan. Gipuzkoako basozainek auziari buruzko beren iritzia eman, eta akusazioei erantzun nahi izan diete.
Gipuzkoako Basozainen Elkarteak gaur Donostian eskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez, txakur horiek tiroz uxatzeko, tiroka harrapatzerik ez baitago, prozedura zorrotza jarraitu behar da: "Basozainok ezin dugu erabaki hori gure kabuz hartu eta tiroka hasi; udalek eta Aldundiak hartu behar dute erabakia, betiere arautegiak dioena jarraituz". Basozainen hitzetan, orain arte ez dute horretarako inolako eskaera edo agindurik jaso.
Basozainen arabera, kontrolik gabeko etxe abereen arazoa gero eta larriagoa da, eta prest agertu dira arazo horri konponbidea topatzen laguntzeko, betiere legeak zehaztutako moduan eta horretarako prozedurak eta baliabideak (basozain kopuru eta baliabide tekniko nahikoak) jartzen badira.
Halaber, azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiko kargudun politikoen aldetik babes falta pairatu dutela salatu dute. Basozainen hitzetan, entzungor egiten diete kolektiboak egindako formakuntza, bitarteko eta langile eskaerei. Ildo horretan, bitarteko material eta pertsonal egokiak jartzeko eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Bestalde, txakurren jabeak eta Eskoriatzako alkateak bi animaliak hiltzeko baimena eman dute, eta, horren harira, "tiroz ez hiltzeko" eskatu dio animalien eskubideak defendatzen dituen ARA taldeak Eskoriatzako alkateari. Horren ordez, dardo lasaigarriak erabiltzeko proposatu dio. Halaber, gogora ekarri du txakurrak albaitari batek hil behar dituela.