Gizartea -

A25eko atarian

'Indarkeria matxistarekin amaitzeko aldaketak' eskatu ditu emakumeen martxa batek

Portugalete eta Barakaldo artean egindako ibilbideak salatu egin du justizia "patriarkala" dela, eta ez dituela "emakumeak babesten".

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Gizartearen alor guztietan emakumeek pairatzen dituzten bazterketa egoerak" salatzeko martxa egin dute larunbat honetan, Portugalete eta Barakaldo artean. Gainera, "indarkeria matxistarekin amaitzeko aldaketak" aldarrikatu dituzte.

'Indarkeria matxistaren aurrean, emakumeok planto' lelopean manifestatu dira. Martxa deitu duen Argitan plataforma feministaren hitzetan, genero-indarkeria "giza-eskubideen urraketa da, baita emakumezkoen gorputzen aurkako diskriminazioa, eta egun bizi dugun egiturazko patriarkatuaren ondorioa".

Espainiar Estatu mailan, "gutxienez 86 hilketa matxista" izan dira aurten. "Justizia patriarkala da, ez gaitu babesten, eta erakundeek ez dute irmoz jokatzen", salatu dute.

"Gogaituta gaude", deitoratu dute, "hitzetik ekintzetara igarotzeko unea da. Gure hitza zalantzan jarriko ez duen eta bere eginbeharra beteko duen justizia nahi dugu".

Indarkeria matxistarekin amaitzeko aldaketak behar direla azpimarratu dute gaurko deialdiaren antolatzaileek, prebentzioa lehenetsita hezkuntza alor guztietan, eta emakumeak ahaldunduta. Amaitzeko, neurriak, baliabideak eta "kontzientzia eta sensibilitate feminista duten profesionalak" eskatu dizkiete erakundeei eta udalei.

-------------------------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Portugalete Bizkaia Barakaldo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Feminismoa