Gizartea -

Gasteizko Gaztetxea

Gasteizko Gaztetxeko asanbladak gezurtatu egin du Udalaren bertsioa

Gazte Asanbladak berretsi egin du udaltzaingoak jarrera "oldarkorrarekin, inolako azalpenik eman gabe eta arduradunekin hitz egin gabe" sartu zirela Gaztetxean.

Gasteizko Gaztetxeko asanbladaren agerraldia. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Gasteizko Gaztetxeko asanbladaren agerraldia.
Gasteizko Gaztetxeko asanbladaren agerraldia. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Gazte Asanbladak gezurtatu egin du joan den urtarrilaren 1ean Gaztetxean gertatutakoaren harira Udalak eman duen bertsioa eta, ildo horretan, ukatu egin du eraikinean sartu ziren udaltzaingoak atxiki izana.

Polizia-operazio horren ondotik, bost lagun atxilotu zituzten, horietako bat gaur espetxeratu egin dute, eta zenbait zauritu izan ziren.

Gazte Asanbladako ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean, gertakari horrek hartu duen "dimentsio mediatikoa" ikusita.

"Udaltzaingoak primeran dakien moduan, ez zen aterik itxi Gaztetxe barruan identifikatutako poliziak edo uniformedunak zeuden bitartean. Polizia-operazioa aurreabisurik gabe oldartu zen Gaztetxean, jarrera probokatzailearekin sartuz eta borra hedagarriak erabilita, jokabide mehatxatzaile hutsarekin. Elkarrizketarako abagunerik eskaini gabe, pertsona oro Gaztetxetik irtetera behartu zuten, inongo azalpenik eman gabe eta espazioko arduradunekin harremanetan jarri gabe", azaldu dute.

Halaber, Gaztetxean, "poliziaren erasoez eta kolpeez defendatzeaz harago",  ez zela inolako erresistentziarik egon adierazi dute. "Barruan nahiz kanpoan, Gaztetxeko arduradunon jarrera uneoro lasaitasuna mantentzearen aldekoa izan zen", zehaztu dute.

Gazte Asanbladak onartu du "musikaren bolumena gehiegizkoa" izan zela eta horrek bizilagunei "eragozpenak" sortu zizkiela, baina Udaltzaingoak inolako abisurik helarazi ez ziela eta berehala polizia-operazioa gauzatu zutela salatu dute.

"Halako arazoak egon diren beste batzuetna, zuzenean komunikatu izan zaigu, eta arazoa inongo gatazkarik gabe konpondu izan da. Musikaren gehiegizko bolumena izan da udaltzainek egindakoa justifikatzeko erabili duten hasierako argudioa, baina gaude oso bestelako arrazoiak zeudela errepresio ekintza horren atzean. Ez dugu ezagutzen 'zarata' kontuengatik halako errepresioa sufritu duen beste lokalik, ezta halako zalaparta mediatikoa eragin duenik ere", nabarmendu dute.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Gazteak gaur