Gizartea -
Arabako Lurralde Auzitegia
Zadorran hilda agertu zen emakumearen auzian, epaimahaia deliberatzen hasi da
Akusatuak 60 urteko emakumea hil eta Zadorra ibaira bota izana aitortu zuen. Orain, bederatzi pertsonez osaturiko herri epaimahaiak erabaki beharko du akusatua egiten ari zenaren jabe ote zen ala ez.
EITB.EUS
2016an Zadorra ibaian zatiturik agertu zen 60 urteko emakumearen hilketa argitzeko epaiketa amaituta, zinpekoen epaimahaia osatu duten bederatzi kideak deliberatzen hasi dira astelehen honetan Arabako Lurralde Auzitegian.
Epaiketan, Margarita hil, zatitu eta Zadorra ibaira bota izana aitortu zuen akusatuak. Herri epaimahaiak erabaki beharko du orain akusatua egiten ari zenaren jabe zen ala ez. Akusatuak 43 urte zituen epaitutako gertaerak jazo zirenean. Defentsa abokatuak epaiketan azaldu zuenez, akusatuak diagnostikatutako nortasun nahasmendua du eta gertaeren unean alkoholaren eta drogen eraginpean zegoen.
Akusatuak epaiketan egindako kontakizunaren arabera, hilketa 2016ko ekainaren 15ean gertatu zen. Akusatuak eta Margaritak eztabaida izan zuten gizona bizi zen Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza batean.
Hilketa egunean 12-15 garagardo eta kalamua hartu zituela azaldu zuen akusatuak, baita "alaitzeko" trankimazin bi pilula ere. Gainera, diagnostikatutako nortasun nahasmenduagatik botikak hartzen ei zituen goizero.
Gaineratu zuenez, gorpua zatitzeko bi egun behar izan zituen. Bi egun horietan zehar "bizitza normala" egiten saiatu zela erantsi zuen.
Ondoren, gorpua zatiturik ibaira bota zuen, poltsatan bilduta, baita erabilitako tresna guztiak ere.
Epaimahaiaren erabakia gaur-biharretan ezagutzea espero da. Fiskaltzak 20 urteko espetxe-zigorra eskatu du akusatuarentzat, aurrez pentsatutako hilketa delitua egotzita.